Artedrama Euskal Laborategian izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2021-06-04 10:21   Kulturea

Irailean egingo dabe aurtengo edizinoa, pandemiak behartuta.

Igazko moduan, aurten be oztopoak jarri deutsaz Covid-19ak Artedrama Euskal Laborategiari (ADEL), baina horrek ez dau antolatzaileen gogoa apaldu. Normalean baino beranduago egitea pentsau dabe, irailean, eta prestakuntzak primeran doaz. Beraz, Artedramak iragarri dau zabalik dagoala ikastaroan izena emoteko epea. 

Euskeraz arte eszenikoak lantzen dituenen topagunea da ADEL: aktore, zuzendari zein zaleei egingo deutse lekua. Alkarren barri izateko, gogoetea egiteko eta euskerazko arte eszenikoetan dabizanen arteko trukea bultzatzeko, astelehenetik zapatura bitarteko egonaldia izango da, irailaren 20tik 25era. Lekua, urtero lez, Aulesti. 

Egitarau oparo eta interesgarria iragarri dau Artedramak 2021eko edizinorako. 48 orduko programazinoa atondu dabe, sei irakasleren eskutik: 

- Ander Lipus: Eraiki eta deseraiki (8 ordu).

- Olatz Gorrotxategi: Sorkuntza eta nortasuna (8 ordu). 

- Patricia Urrutia: Joko eszenikoa (8 ordu).

- Manex Fuchs: Maitasuna ekintzetan (8 ordu). 

- Ruth Guimerà: Interpretazio errealistaren oinarriak (8 ordu).

- Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra: Mundu berrietan zehar (8 ordu). 

Antzerkigintzan, jantzan eta beste alor ugaritan esperientzia zabala daben profesionalak izango dira, beraz, irakasleak. Ederto ezagutzen dabe danek Euskal Herriko eszenea, eta nazinoartean be badabe eskarmentua. Izena emoteko interesa dabenek, ikastaroaren webgunearen bidez egin leikie. Prezioa personako 450 euro da, lo egiteko lekua eta otorduak barne. 

Euskerazko arte eszenikoetako profesional zein zaleak Aulestira joatera animau ditue Artedramakoek: Euskal antzerkiaren oasi honen parte izateko, jarri gugaz hartu-emonetan!.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu