Gaur, bagilak 3, Bilboko 51. Liburu Azokeak ateak zabaldu ditu
2021-06-03 13:24 Kulturea#NajatElHachmi eta Mariasun Landa idazleek Atea-Laboral Kutxa Saria eskuratuko dabe.
Arratsaldeko 19:00etan, Emakumea, inmigrazinoa eta konpromisoa izenburuko barrikealdia egingo da Najat el Hachmi eta Karmele Jaiogaz Bidebarrieta liburutegian eta 20:00etan, barriz, Fernando Zamorak Vida en poesía liburua aurkeztuko dau azokako karpan.
Maria Dueñas idazleak, Gonzalo Olabarria Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziaren eskutik, Bilboko Liburu Azokearen edizino honetako Zidarrezko Luma Saria jaso dau. Aurten be, Azokearen aurretik, emon jako saria eta El Tiempo entre Costuras lanaren egilearentzat izan da. María Dueñasek gainera, letrakaz hitzordua edegiteko ardurea hartu eta Sira nobela barria aurkeztu dau Bilbon.
Bilboko Udalak saltoki bi izango ditu azoka-barrutian: Horreetako bat Kultura Sailak urtean zehar argitaratzen dituan argitalpenak saltzeko eta bestea udal liburutegien sarea sustatu eta horren barri emoteko eta tokiko funtsa balioesteko gunea izango da.
Juan Mari Aburto alkate jauna eta liburu munduko eta instituzinoetako ordezkariak izango dira gaur, hilak 3, inaugurazinoan, besteak beste, Euskadiko Liburu Ganbarako presidentea dan J.A Iturri, Liburu-saltzaileena, Kepa Torrealdai eta Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, Asier Muniategi.
Bilbon, Arenalean izango da Liburu Azokea bagilaren 3tik 13ra, 55 saltokigaz: liburu aurkezpenak, berbaldiak, sariak emoteko ekitaldiak eta liburu sinaketak izango dira datozen egunotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!