80ko hamarkadako arte bildumearen zati bat Bilbon

Bizkaie! 2021-06-02 13:05   Kulturea

Erakusketea bagilaren 28ra arte egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

Ondoko artisten 22 lan batu ditue erakusketara: Jesus Mari Lazkano, Dario Urzay, Iñaki De la Fuente, Alberto Rementeria, Agustín Reche, Gabriel Ramos Uranga, Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortazar, Pablo Aizoiala, Daniel Tamayo, Mikel Díez Alaba, Iñaki Álvarez, Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Txomin Badiola, Merche Olabe eta Juana Cima.

Bizkaiko Batzarrak erakundeak euren ondare artistikoaren zati bat bulegoetatik eta aretoetatik kentzea eta bere Erakusketa-aretoa (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko pisua, Bilbo) betetea erabagi dabe, 80ko hamarkadako Artea erakusketeagaz. Sortzaile barrien leherketea ezagutu eban euskal artearen hamarkada emonkor horretako bilduma propioko 22 lan batzen ditu erakusketeak. Artista gehienak, mende erdiko ibilbidea dauen UPV-EHUko Arte Eder Fakultadetik urtendakoak dira.

Erakusketa aretoak, 50eko eta 60ko hamarkadetan jaiotako 17 artistaren lanak batzen ditu.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta Iñaki de la Fuente, Alberto Rementeria eta Agustín Reche, artistakaz batera, erakundearen 80ko hamarkadako arte bildumako lanen erakusketea aurkeztu dau gaur.

Politikako eta gizarte mailako gorabeherak bizi-bizi egozan egoan hamarkadan, Bizkaiko Batzar Nagusiak 80ko hamarkadan euskal artean nagusi ziran edo euren karrerak hasten egozan artisten lanak erosten hasi ziran. Bolada sozial eta ekonomiko gogor eta larrian, gainbehera industriala gero eta handiagoa zan eta herritarrak ikaraz egozan eta giro horrek, gauza asko esateko eben artisten bigarren belaunaldi bat azaleratu eban, euskal artearen etorkizun oparoa erakutsiz. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak nabarmendu dauenez: 80ko hamarkadan oso txarto ikusita egoan figurazinoa baina hamarkada horretan proposamenen heterogeneotasuna nabarmendu beharko litzateke.

Aitatu arte bilduman ia 200 artelan dagoz, batzuk eskuratutakoak eta beste batzuk dohaintzan hartuak: 50 inguru 80ko hamarkada horretakoak dira: Altxor ezkutu hori Anton Aurre Bizkaiko Batzarrak erakundeko lehen buruak garai demokratikoan izan eban bista edo ikuspegiari esker batu da, Otaduik nabarmendu dauenez. Sasoi haretan, Bizkaiko Batzarretan artea eskuratzeko etenbako programea martxan jartea erabagi eta artista hasibarrien alde egin zan, Bizkaian trebatutako artisten harrobi gaztearen lana erakustea helburu dauen lankidetza-hitzarmen baten bidez gaur egun UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeagaz egiten dan moduan.

80ko hamarkadako Artea erakusketea Bizkaiko herritarrei erakunde horrek arte eta kulturan egindako inbersinoaren barri emoteko eta 80ko hamarkadako artistak sortzeko leku moduan unibersidade publikoari balioa emoteko erakusketa moltso baten bigarrena da: Harrobi artistiko handi bat eta harro egoteko moduko unibersidade handi bat, esan dau Otaduik eta datozan urteetan gure altxor guztiak erakusteko konpromisoa hartu dau, jaubeek gozau deien, Bizkaiko herritarrek, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu