Bilboko Udako Ikastaroak egingo ditue lehenengoz
2021-06-02 08:32 KultureaUrian egoitzea daben lau unibersidadeek eta Udalak lankidetzan jarri ditue martxan.
Bilboko Udako Ikastaroak martxan jarriko ditue lehenengo aldiz hurrengo asteotan, unibersidadeen eta erakunde publikoen arteko alkarlanari esker. Gaur egun, lau unibersidadek dabe egoitzea urian: EHUk, Deustuko Unibersidadeak, Mondragon Unibersidadeak eta Nafarroako Unibersidadeak. Horreek eta goi mailako ikasketak emoten dituen Kunsthal (diseinua) eta Digipen (teknologia barriak) dira Udako Ikastaroen bultzatzaileak, Bilboko Udalagaz batera. Londresko Arteen Unibersidadea laguntzaileen artean dago.
Bilbo, unibersidade-uria lemapean datorren ziklo barria aurkezteko ekitaldian egon dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Gonzalo Olabarria zinegotzia, baita unibersidadeetako ordezkariak be: Arantza Lauzirika (EHU), Carlos Naya (Nafarroa), Alex Rayón (Deustu), Carlos García (MU), Alessandro Manetti (Kunsthal) eta Ignacio de Otalora (Digipen).
Uria jakintzearen eta unibersidadeen erreferente bihurtzea da Bilboko Udako Ikastaroen helburua, Juan Mari Aburtok azaldu dauenez, baita gizarteari onurak ekartea be: leku erakargarri bat izan behar dau biziteko, ikasteko eta formazinorako, baina, aldi berean, kalidadeko enpleguetan lan egiteko, guztiok izango gaituelarik talentuaren bultzatzaile, eta gazteek ez dabelarik alde egin beharrik izango Bilbotik.
Gai ugari jorratuko ditue ikastaroetan, gaur egungo interesei lotuak eta adituen eskutik. Edade guztietako publikoa gogoan izan dabe programazinoa antolatzeko orduan, asmoa dibulgatiboa dalako. Era berean, unibersidade publiko zein pribaduek Bilbon daben eskaintzea eta egiten daben lana jenteari hurreratuko deutse.
Beste berezitasun bat da, ikastaroetan parte hartzea doban izango dala. Modu presentzialean ez eze, online be egin ahal izango dira kursoak. Bidebarrieta liburutegietan izango dira saioak, bagileko eta garagarrileko eguen eta barikuetan, 18:00etatik 20:00etara. Salbuespena Digipenek antolatutakoa da, hori Zorrotzaurren egingo dabelako.
Lehenengo ikastaroa bagilaren 17an eta 18an izango da, Nafarroako Unibersidadeak antolatuta. Energia eta uria. Etorkizuneko Bilbon apliketeari buruzko eztabaidea izenburupean, Asier Santas, José Ángel Medina Murua, Ricardo García San José eta Carlos Fernández Bandera izango dira hizlariak, danak arkitekturearen eta injinerutzearen alorrekoak.
Danetara sei ikastaro izango dira, bakotxa unibersidade bati lotua. EHUrena (bagilaren 24 eta 25ean) Londresko School of Communication-egaz emongo dabe alkarlanean, oroimena eta iragan industriala gai nagusi dabela.
Digipenek (garagarrilaren 1ean eta 2an) Chelsea College of Arts izango dau bidelagun, entretenimenduaren sektorea jorratuko dauen ikastaroan. Kunsthalena be (garagarrilaren 8a eta 9a) Londresko zentro horregaz batera egingo dabe, diseinua eta Silver Economy dalakoa berbagai dirala.
Azken ikastaro biak Mondragon Unibersidadearena eta Deustukoarena izango dira. Lehenengoa (garagarrilaren 15etik 16ra), datuen analisiaz eta zibersegurtasunaz izango da. Deustukoak zarratuko ditu Udako Ikastaroak, datorren hilaren 22an eta 23an, uri adimentsuen inguruko saioagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!