Bilbo Zaharreko kaleak hartuko ditu BLV-ART programeak

Bizkaie! 2021-05-28 12:55   Kulturea

Bagilaren 3tik 13ra, jantzeak, antzerkiak eta arte biziek auzoa bizibarrituko dabe.

Abangoardiako proposamen artistikoakaz gozau nahi dabenen topaleku izango dira Bilbo Zaharreko kaleak eta plazak bagilaren 3tik 13ra, XV. BLV-ART programeak dakarren egitarau zabalari esker. Edizino honetako nobedadeak aurkezteko agerraldian, Bilboko Udaleko ordezkariek azaldu dabe ingurua bizibarritzeko plangintzearen parte dala BLV-ART.

Aurtengo edizinoko ardatz nagusietako bat jantzea izango da. Beste disziplina artistikoen artean, antzerkia eta arte biziak nabarmendu ditue antolatzaileek. Ganera, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan berbaldi performatiboak eta bisita gidatuak egongo dira BLV-ART martxan dagoan egunetan. 

Sormenaren alderdirik barritzaileena ezagutzeko aukerea emongo dau programeak. Horren erakusgarri, egitarauko obra guztien artetik bost erabateko estreinaldiak dira. Beste hiru, lehenengoz ikusiko dira EAEn. Estreinaldi horreetako batek inaugurauko dau BLV-ART, bagilaren 3an: Eva Guerreiroren konpainiak PERIFERIAS aurkeztuko dau. 

Jantza garaikideko lana da hori, Nerea Alberdi, Carla Sevilla eta Jon Zabalaren jatorrizko musikaduna. Begirada poetiko batetik, gorputz baten eta bestearen artean dagoan espazioaz hausnartzen dau. Fair Saturday 2020ren kontura Anesvad-egaz hasitako lankidetzearen emoitzea da. PERIFERIAS Berreginen Museoan erakutsiko dabe, pase bikotxean (18:30 eta 19:15).

Beste estreinaldiak honeek izango dira: Ex Tradicional 48003 (Beatriz Sánchez); Natura 2021 (Node); MAR MAR (Nerea Martinezen konpainia); eta Conversation Pieces (Fuego verde) (Isaac Erdoiza eta Nazario Diaz). EAEko estreinaldiak Pablo Fidalgoren, La Caja Flotanteren eta Bárbara Sánchezen proposamen bana izango dira.

Egitarau osoa hemen (PDF). 

Bilborockeko eta Mariaren Bihotza plazako aztarnategiko jardueretan parte hartzeko bost euro pagau beharko dira. Berreginen Museoko eta San Frantziskoko udaltegikoak, ostera doban dira, baita bisita gidatuak be. Edozein kasutan, baina, aurretiaz hartu behar dira sarrera edo gonbidapenak (hemen). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu