Bost surflari daroaz BasqueTeam-ek Munduko Txapelketara

Bizkaie! 2021-05-27 10:55   Kirola

Maiatzaren 29tik bagilaren 6ra da hitzordua, El Salvadorren.

Leticia Canales sopeloztarra | Ikusi handiago | Argazki originala

BasqueTeam programearen parte diran bost euskal surflari El Salvadorren izango dira hurrengo egunotan, han jokatuko dan Munduko Surf Txapelketan lehiatzeko. Andy Criere, Ariane Ochoa, Aritz Aranburu, Leticia Canales eta Nadia Erostarbe dira, bostak be kirol horrek Euskal Herrian dauen maila bikainaren erakusgarri.

Beste datu batek be agirian ixten dau euskal surflariek gaur egun daben mailea: Espainiako Surf Federazinoak Munduko Txapelketara joateko aukeratu dituan sei kirolarietatik bost Euskal Herrikoak dira, eta BasqueTeameko kide: hiru gipuzkoar (Criere, Erostarbe eta Aranburu) eta bizkaitar bi (Ochoa eta Canales). Bertokoa ez dan bakarra Jonathan González da. 

Nazinoarteko Surf Alkarteak antolatuta, maiatzaren 29tik bagilaren 6ra jokatuko da 2021eko ISA World Surfing Games txapelketea, El Salvadorren. Bigarrenez antolatuko da Munduko Txapelketea Erdialdeko Amerikako herrialde haretan. Kasu honetan, La Libertad departamenduko uretan izango da, Sunzal eta La Bocana izeneko olatuen eremuan.

Podium bikotxeko formatuan jokatuko da txapelketea, eta 257 surflari ibiliko dira lehian; horreetatik 121, emakumeen modalidadean. Hortaz, parte-hartzaileen guztizko kopuruan zein emakumeen atalean errekorrak ezarriko ditu 2021eko edizinoak. 

Munduko Txapelketako podiumean sartzea ohore handia dan arren, aurtengo edizinoak beste sari bat be izango dau: Tokioko Olinpiar Jokoetarako hamabi plaza egongo dira jokoan. Lehenengoz izango da surfa kirol olinpikoa, eta jazoera historiko horren parte izango dira El Salvadorren sailkatutako hamabi surflari. 

Miyazakiko (Japonia) 2019ko Munduko Txapelketan, Sofia Mulanovich peruarrak eta Italo Ferreira brasildarrak irabazi zituen sari nagusiak. Aurten, Brasilgo selekzinoko kideak barriro egongo dira faborito nagusien artean, Australiagaz batera. Frantziak eta Japoniak be hurretik jagon beharreko taldeak atondu ditue. 

Euskal surflariek be zeresana emon leikie El Salvadorren, euren mailarik onena emoteko gai badira. BasqueTeameko boskoteko guztiek dabe ibilbide oparoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu