Kaldeartek 33 konpainiaren lanak ekarriko ditu Gasteizera
2021-05-25 12:19 KultureaIgaz bertan behera itxitako programazinoko saio batzuk berreskuratuko ditue aurten.
Kaldearte, Kaleko Arteen Nazinoarteko Erakustaldiaren 15. edizinoa bagilaren 11tik 13ra egingo dabe, Gasteizen. Pandemiagaitik igaz huts egin eta gero, beraz, kaleko artisten ikuskizunik onenek barriro beteko ditue Arabako uriburuko hainbat txoko.
Igaz bertan behera itxitako edizinoko egitarauko proposamen batzuk berreskuratu, eta aurtengo egitarauan sartu ditu Gasteizko Udalak. Horrezaz gan, beste ikuskizun barri batzuk be ekarriko ditue. Danetara, 33 konpainiaren 63 saio izango dira, tartean munduko estreinaldi bi.
2020rako programauko konpainia profesional gehienak berreskuratu doguz eta hamar bat ikuskizun barrigaz osotu dogu kartela; punta-puntako programazinoa da, Kaldearte kaleko arteen jaialdien buruan jarteko Estadu mailan, adierazo dau Estibaliz Canto zinegotziak.
Kanpoko konpainiek leku nabarmena izango daben arren, bertoko taldeak be ez dira gitxi izango. Gasteizko lau konpainia eta Euskal Herriko beste leku batzuetako beste bederatzi dagoz programazinoan.
Lehenengo saioa Iparralde parkean izango da, bagilaren 11n, 21:00etan. Bivouac konpainia frantsesaren Perceptions zirku garaikideko piezea da, eta aireko jantzea, makila txinatarrak, akrobaziak, pianoa eta zuzeneko musikea buztartzen ditu.
Publiko eta gustu guztietan pentsautako programazino zabalean dagoz, zirkuaren eta jantzen atalean, Circ Bover, Maite Guevara, Xampatito Pato, Dikothomía, UpArte, Mortelo& Manzani, Circo Eia, Murmuyo, Leandre Ribera, Kukai, Tio Teronen Semeak, Isabel Vázquez, Titoyaya Dansa, Larrua eta beste batzuk.
Antzerkiaren atalean, Hika Teatroa, Cristina Solé, Escandall Teatral, Trapu Zaharra, La Industrial Teatrera, Zurrunka Teatro eta Markeliñe egongo dira Gasteizen. Bestelako ikuskizunen artean, aitatzekoa da munduko yo-yo txapelduna, Naoto Okada, Kaldeartera etorriko dala.
Jente gehiegirik ez daiten pilotu, Gasteiz erdialdeko hamar gune atonduko ditue jaialdiko ikuskizunetarako, danak aire zabalean. Sartzeko gonbidapena beharko da. Argibide gehiago emoteko eta gonbidapenak eskuratzeko, eskuko telefonoetarako aplikazinoa atondu dabe antolatzaileek.
Osasun neurri zorrotzak bete beharko diran arren, Kaldearte antolatzea kaleko arteen sektorearentzat arnasea izango dala azpimarratu dau Estibaliz Canto zinegotziak. 2020ko martitik gure urian egingo dan lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021eko lehenengo kaleko arteen jaialdi handia.
Egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!