La Encartadako makinak barriro martxan ipiniko ditue
2021-05-25 08:37 KultureaXIX. mendeko ondare industriala berreskuratu eta zabaltzeko proiektua da.
Balmasedako La Encartada Fabrika Museoa Bizkaiko industria ondarearen gordeleku bikaina da, XIX. eta XX. mendeko tresnak eta makinak ikusteko leku aproposa. Fabrikea 1892an zabaldu zan, eta 1992ra arte egon zan martxan. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak berreskuratze mekaniko eta erabilgarriaren programeari ekin deutso, mende laurena baino gehiago geldirik egin daben makinak barriro martxan jarteko.
Era horretara, ondare industrialaren parte diran makinak barriro lanean ikusi ahal izango doguz. Fabrikea edegita egoaneko teknikak erabiliko ditue, prozesuari balio handiagoa emoteko. Asmoa da, makinak martxan jartea ez eze, ahal bada, jantziren bat egitea. Bizkaiko ondare industriala berreskuratu eta zabaltzeko prozesua izango da.
Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaoren esanetan, museo bizia sortzea da proiektu barriaren helburua. Europa osoan bakarra dan azpiegitura baten aurrean gagoz. Ez dago Europa osoan hain zaharra dan jatorrizko makinaria osoa, guztia sasoi berekoa, hasieratik ezarritako leku edo fabrika berean gordeten dauenik, eta ganera bisitetako aukerea emoten dau. Eta hori guztia erakustea gitxi balitz, orain makinak martxan ikusteko aukerea egia bihurtuko dogu, azpimarratu dau Bilbaok.
Proiektua aurkezteko ekitaldian, seriean konektautako bost makina erakutsi ditue, bata bestearen atzetik eta kargan; azken batean, La Encartadako makineriaren zati bat lanean: batan txikia (mazoa), jantzi txikiakaz egindako batanak, zentrifugagailua, Edison dinamoa eta Deabrua izenez ezagutzen dan makinea. Garbitutako artilezko ulea zehatu eta txikitzeaz arduratzen da makina hau, eta Europan jardunean dagoan bakarra izan leiteke, antxinatasun horreetakoen artean (1892koa da).
Makinak berreskuratu eta martxan jarteko prozesua publikoari erakusteko, Etorri, ikusi eta azalduko deutsugu egitasmoa antolatuko dau La Encartadak. Bisitariek zaharbarritzaileen lana ezagutu eta bertatik bertara ikusi ahal izango dabe, museoaren erakusketa iraunkorraren barruan. Bagilean hasiko dira bisitaldiak.
1892 eta 1992. urteen artean egon zan zabalik La Encartada fabrikea, eta, gaur egun, ondare industriala eta Bizkaiko ehungintzea erakusteko museo bihurtu dabe. Bilduma teknologikoak hiru ezaugarri ditu: piezen antxinatasuna eta sinkronia; irudikatutako ekoizpen-prozesuaren osotasuna; eta konserbazino-egoera bikaina.
Hiru faktore horreei esker, industria-iraultzearen lehen etapetako faktoria baten ehungintza-adibiderik onena eta osoena dago Balmasedan. Museo bihurtzeko egindako ahaleginak bere balioa areagotu dau: ehun urteko fabrika bat bisitau leiteke, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean enpresea eratu zaneko hornidura teknologiko osoa gordeten dauena, leku berean eta egoera onean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!