Getxok Pantxoa Etchegoin omendu dau

Bizkaie! 2021-05-24 10:07   Kulturea

Iparra Galdu Gabe jardunaldiak bultzatzen egin dauen lana autortu deutse.

Pantxoa Etchegoin eta Amaia Agirre (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala
Getxoko Udalak omenaldia egin eutsan Pantxoa Etchegoini, Euskal Kultur Erakundeko aurreko zuzendariari, barikuan, maiatzak 21, Muxikebarrin. Iparra Galdu Gabe jardunaldien barruan antolatutako Biba kantua! kontzertua aprobetxau eben horretarako. Etchegoinek igaz erretiroa hartu eban, eta omenaldiaren bidez, Iparra Galdu Gabe jardunaldiak antolatzeko orain dala hogei urtez geroztik egindako lana nabarmendu nahi izan eban. Etchegoinek bultzatutako jardunaldioi esker, Ipar Euskal Herriko errealidadea hurrago sentidu da Getxon. 
 
Ekitaldian, Amaia Agirre alkateak Etchegoinen zeregina nabarmendu eban, eta Aixerrota oroigarria emon. Pantxoa, zuk ondo dakizu, geografiaz, Getxo eta Iparraldea ez dagozala hur , baina hurrekotasuna tratuan sentidu dogu, hartu-emonetan, esan eutsan Agirrek. Euskal Kultur Erakundea eta batez be zu, Pantxoa, oso hur izan zaituegu. Erretiroa hartu arren, badakizu Getxon besoak zabalik hartuko zaitugula eta espero dogu bisitan etortea nahi dozunean. Getxoko herriaren izenean, udalaren izenean, euskalgintzearen izenean, eskerrik beroenak emon nahi deutsuguz.
 
Etchegoinek eskerrak eman eutsazan Udalari, eta hogei urteotako alkarlana oso garrantzitsua izan dala azpimarratu eban. Hurrengo urteotan be alkarlanaren bidetik jarraitu behar dogu, aitatu eban, ez bakarrik Iparra Galdu Gabe zikloaren barruan, baita urte osoan zehar be. Horretan, Euskal Kultur Erakundeak be lan egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu