Ruben Vitoriak irabazi dau Portugalgo Caparica Surf Fest
2021-05-24 08:10 KirolaZarauztarra 11. kokatu da WSLren Europako zerrendan.
Basque Team eta Euskal Herriko Surf Federazinoaren bikaintasun-proiektuko kideak bikain aprobetxau ditu Costa da Caparicako (Portugal) Praia do Paraiso hondartzako olatuak. Zarauztarrak 2020. urtea ebakuntza bategaz amaitu eban, oinean haustura bat ebalako; 33.a izan zan aurreko astean Portugalen jokatutako Santa Cruz Pro txapelketan eta egunotan lortutako 3.000 puntuek World Surf Leagueko Europako rankingeko 11. postuan jarri dabe, ondo kokatuta CTra sarbidea emoten daben Challengers txapelketetan postu bat lortzeko burrukan.
Ruben 64ko errondan sartu zan Caparica Surf Fest txapelketan eta hasieratik emon eban txapelketa on bat egiteko kapaz izango zala. Marco Mignot eta Kyllian Guerin frantziarren eta Raul Bormann brasildarraren aurretik pasau zan hurrengo fasera, lehen postuan.
32ko kanporaketan Jorgann Couzinet frantziarraren, Lenni Jensen alemaniarraren eta Diogo Martins portugaldarraren kontra be onena izan zan. 16ko kanporaketan aurrera egin eban Gony Zubizarretagaz batera, Marco Mignot eta Gatien Delahaye frantziarrak kanporatuz. Final-laurenetan Vicente Romerogaz lehiatu da, 11.83ko emoitzea lortuz.
Finalerdietan, ezagun handi baten kontra ibili da Ruben, Gony Zubizarreta, euskal jatorriko surflari galiziarraren kontra. Txapelketa honetan zarauztarrak puntuazino onak lortu ditu eta txanda hau ez da salbuespena izan: 8.93ko eta 8.70eko olatuakaz, ia txandearen amaieran, ez deutso aukerarik emon Gonyri, El Salvadorreko Munduko Txapelketan ordezko moduan ibiliko danari datorren astean.
Azken pausutxoa baino ez zan geratzen irabazteko: Charly Martin frantziarraren kontrako finala. Txandea oso parekatua izan zan, baina euskal surflariak frantziarrak baino puntu gehiago lortu ditu amaieran. 9.40ko olatu batek eta gero 9.13ko beste batek garaipena ziurtatu deutse Rubeni. Hondarrean Rubenen zain egozan, ikurriñea hartuta, titulua ospatzeko prest Jatyr Berasaluce eta Filipe Anjos teknikariak.
Rubenen garaipenaz gain, gizonezkoen artean azpimarratzekoa da Andy Criere eta Aritz Aranburu Basque Teameko bekadunak 9. eta 17. izan dirala, hurranez hurran.
Emakumezkoetan, Garazi Sanchezen eta Ariane Ochoaren lana nabarmendu behar da, bosgarren postua lortu dabelako eta 9. eta 11. postuan jarri dira, hurranez hurran, Europako zerrendan. Beste bizkaitar bat, Leticia Canales, da zerrenda horretako liderra da. Basque Team fundazioaren bekadunak dira danak.
Ruben Vitoriaren Zarautz (1999-02-12)
Zarautz surflari onenen harrobia izan da beti eta horreetako bat da Ruben Vitoria. Onartzen du birritan WCTn lehiatu dan Aritz Aranburu dauela erreferente handiena, bera bezela zarauztarra. Hodei Collazo be asko gustetan jako eta nazinoarteko surflarien artean Filipe Toledo eta John John Florence.
Rubenek uste dau lehiaketako surfa kirol gatxenetakoa dala, faktore asko behar diralako batera.
Bere esperientzia onena World Surf League nazinoarteko zirkuiturako puntuagarria dan 2018ko Las Américas Pro Tenerife txapelketan lortutako garaipena da. Zarauztarrak bueltea emon eutson Jorgann Couzineten kontra jokatutako finalari, 10 puntuko olatu perfektuagaz, ekitaldiko ezusteko handienaren protagonista izanda. 2019an etxean lortu eban emoitzarik onenetakoa, hirugarren amaitu ebalako Cabreiroá Pro Zarautz Basque Country dalakoan.
Rubenek goi mailako kirola Psikologiako ikasketakaz buztartzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!