Virgina Diazek urrea irabazi dau Lucernako Munduko Kopan

Bizkaie! 2021-05-24 08:16   Kirola

Basque Teameko bekadunaren lemazainik bako bikoak hegaz egin dau azken 500 metroetan.

Barikuko atariko kanporaketan onenak izan eta zuzenean pasau ziren A finalera. Virginia Diazek eta Aina Cidek Lucernan erakutsi dabenez, nazinoarteko ontzirik sendoenetako bat dira eta Tokioko Jokoetarako hautagaiak.

Beste batzuetan legez, finalean be estrategia bera jarraitu dabe: Urteera nahiko motela izan da, indarrak estropadako azken zatirako itxita. Lehen 500 metroetan laugarren kokatu dira eta Errumaniak, Txilek eta Irlandak hartu dabe protagonismoa; 1.000 metrotik pasaukeran, leku bat irabazi dabe, hirugarren kokatuz, errumaniarren eta txiletarren atzetik. Bazirudian Errumaniak, 2019tik euren arerio handienetako batek, ez ebala erritmoa bajauko (36 palada minutuko). Halan da be, Diazek eta Cidek ez dabe etsi eta azken 500 metroetan estropadea irauli dabe: 1.500 minututik aurrera, buru jarri dira eta hortik aurrera ez dabe lehiakiderik izan, erritmoa minutuko 39 paladetara igon eta urrezko dominea lortu arte, kronoa 7.17.93tan geldituta. Podiuma Irlandak (+4.24) eta Errumaniak (+4.30) osotu dabe.

Virginia Diazek eta Aina Cidek brontzea irabazi eben apirilean Varesen jokatutako Europako Txapelketan eta 2019ko Linz-Ottensheimeko Munduko Txapelketan Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortu ebela.

Virginia Diaz (Astillero-Getxo, 1991-08-15)

Virginia Diazek ez eban pentsetan arraunak hainbesteko garrantzirik izango ebanik bere bizitzan. Kasualidadez hasi zan kirol honetan, Astilleroko entrenatzaile bat eskoletara joaten zalako probak egiten. Virginiak probea egin eta arraunak atrapau eban aurretiaz egindako ugerketeak, saskibaloiak edo beste kirol batzuek baino gehiago.

Virginiak talentua eta diziplinea bateratzen ditu lan egiterako orduan. Getxoko Raspas Arraun Taldean dabilen arraunlari honek banku mobikorrean maila gorenera heltzeko urte asko daroaz prestaketa-lanetan. Estaduko selekzinoak deitu egin dau 15 urte zituanetik eta beste esparru batzuetan, eroso sentiduten dan eremutik kanpo, nazinoarteko mailan erantzun bikaina lortzea zer dan badaki, AEBetan unibersidadeetako txapeldun izan baitzan.

2015. urtearen hasieran, bost hilebete egin zituan Miamin ikasketetan lortutako beka bati esker eta han Floridako unibersidadeagaz titulua irabazi eban 8+ modalidadean. Barry Universityn egindako egonaldian Philadelphiako eta Sacramentoko beste proba batzuetan be parte hartu eban.

Tokioko Jokoei begira modalidadea aldatu eta orain Aina Cidekin batera egiten dau arraun, lemazainik bako biko ontzian. Gogor lan egin behar izan dabe egoera barrira moldatzeko baina 2019ko maiatzean Lucernako Europako txapelketan argi geratu zan lortu dabela, urrezko dominea irabazi ebelako, estropada amaiera ikusgarria eginda gainera.

Ottensheim-Linzen jokatu zan 2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuak bere lehen Jokoetan, Tokiokoetan, lehiatzeko txartela emon eutson.

Virginia erizaina da eta orain Euskal Herriko Unibersidadean egiten dituen medikuntzako ikasketak goi mailako kirol praktikeagaz buztartzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu