Arrantzale eta enpresei autortzea Bermeoko Arrain Azoka birtualean

Bizkaie! 2021-05-17 08:03   Kulturea

Maiatzaren 21etik 23ra egingo ditue jarduerak.

Udaleko eta Arrain Azokako arduradunak, aurtengo edizinoa aurkezten (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten be, Bermeoko Arrain Azokea beste modu baten bizi beharko dabe herritarrek eta bisitariek, ezin izango dalako egitarau presentziala antolatu. Birtuala izango da 2021eko edizinoa, maiatzaren 21etik 23ra, eta Bermeoko Udalak jarduera ugari antolatuko ditu, arrantzaleen eta itsasoagaz lotutako enpresen lana agirian jarteko eta errekonozimendua egiteko.

Pandemiak gogor jo dauen arren, Bermeoko arrantzale eta enoresak ez dirala geldirik egon nabarmendu dau Udalak. Horregaitik erabagi dabe hareei autortzea egitea XXVII. Arrain Azokan.

Atunontziek eta arrantza-enpresek zelan lan egiten daben jakiteko, herritarrek Zoom aplikazinoaren bidezko saioetan entzun ahal izango ditue itsasoko profesionalen azalpenak, maiatzaren 21ean. 

Egun horretan bertan, Rafael López Guillén idazleak La Neskatilla de Bermeo liburua aurkeztuko dau. Zapatuan, hilak 22, hiru proiektu ekintzaile aurkeztuko ditue, Zoom bidez. Egitaraua biribiltzeko, domekan, Erraldoien Konparsearen saria emongo da.

Azokea bera egingo ez dan arren, produktuak erosteko bide bat baino gehiago izango dabe interesdunek. Batetik, Arrain Azokearen webgunean salmenta birtuala egingo dabe; bestetik, konserba enpresetan zuzenean erosi ahal izango dira produktuak asteburuan. Online eskariak egiten dituenen artean, Bermeo World Tuna Capitalen eta Arrain Azokearen mahai-zapiak banatuko ditue.

Arrantzaleen Museoak be bat egingo dau Arain Azokeagaz. Aurretiaz erreserbea egiten dabenentzako bisitaldi gidatuak antolatuko ditue, eta, ganera, azokearen egunetan doban sartu ahal izango da. 

Aurtengo Arrain Azokea estrategikoa dala azpimarratu dau Bermeoko Udalak. Bizi dogun osasun krisi honen aurrean gure izate eta nortasuna ukiezinak dirala erakutsi nahi izan dogu. Beste baldintza batzuetan ospatu beharko dogu, zentzunez jokatuz, baina gure idiosinkrasiaz harro gagozala erakusten dauen beste lagin bat da, adierazo dau Aritz Abaroa alkateak.

Argibide gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu