Bizkaiko 40 museo baino gehiagok euren buruak berrasmauko ditue

Bizkaie! 2021-05-14 13:52   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundia Benetan Berezia ekimenaren buru da Museoen Nazinoarteko Egunean.

Bizkaiko 41 museok era guztietako esperientziak eskainiko ditue datozen asteotan. Webguneak modu ezbardinean erakusten ditu lurraldeko museoak eta jentea museo guztiak bisitetan joan daitezan animetan ditu Bizkaiko museo-eskaintza osoa ezagutzeko.
 
Neurri berezi lez, aurten Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko programazinoak aste biko iraupena izango dau bisitariek museoetara hurreratu eta ospakizunaren inguruan atondutako jarduerez gozetako aukerea izateko. Museoak ikusgai egongo dira, modu berezian, webgunean urte osoan zehar. Lorea Bilbaok, Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak, aurkeztu dau ekimena, Bizkaikoaren zuzendariagaz eta museoetako ordezkari batzuekaz batera. Bilbaok azaldu dauenez, 'Benetan Berezia', Bizkaiko museoek eskaintzen deuskuezan esperientzien erakusleiho izatea nahi dogu. Ezohiko esperientzia moduan sorpresaz betetako aste bi izango dira. Diputatuak honakoa gaineratu dau: Aste bi horreek, maiatzaren 18aren ingurukoak, herritarrek lurraldean dagoan museo-aberastasuna deskubritduteko, ezagutzeko, harritzeko eta Bizkaiko museo bakotxaz barriro gozetako kakoa izatea nahi dogu
 
Webgunearen bidez lurraldea Bizkaiko Museo Handi bat lez erakusten da, bertoko 41 museoz osotua, gaika banatutako esperientziak eskaintzen dituana: Historia, Industria, Itsasoa, Artea, Naturea eta Sentimendua. Bisitariak museo bakotxaren alderdiak modu ezbardinean ezagutuko ditu; kasu batzuetan aurretik erakutsi ez diran piezak ezagutu ahal izango dira edo dagoeneko erakusten dana modu ezohikoan ikusi ahal izango da. Bizkaiko museoek esperientzia barria eskainiko dabe maiatzaren 16tik aurrera. Bisitariak gustukoen dauen ibilbide tematikoa aukeratu eta museoak ezagutu eta bisitau ahala, maila fisikoan eta online, zigiluak lortuko ditu, horretarako diseinautako ibilbide museistikoak osotzeko. Museoan bertan bisita bereziak eskaintzeaz gan, museoek euren etorkizunari begira lantzen daben erronka digitalari erantzunez, Benetan Berezia-ren bidez museo guztiek online erakusten dabe edukiaren zati bat. Webgunean Museoen Nazinoarteko Eguna dala-eta egingo diran jarduera edo erakusketa bereziak batzen dira. Webgune horren bidez museoetako bakotxera jo daiteke informazino guztia eskuratzeko.
 
2021eko Museoen Nazinoarteko Egunak museoei, bertako profesionalei eta komunidadeei dei egiten deutse sortzeko jardunbide barriak, kultura-erakundeetarako negozio-eredu barriak eta egungo gizarte, ekonomia eta ingurumen-erronkak konpontzeko urtenbide barritzaileak sortu eta konpartidu deiezan. Parte hartzen daben museoen artean, Bizkaiko hogeita sei udalerritako berrogeita bat museok bat egin dabe ospakizunagaz: 
 
Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Eder Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Museo de Arte Sacro-Eleiz Museoa Bizkaia, Euskal Museoa, Euskal Jeltzaletasunaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Pasino-Irudien Museoa, Museo Taurino de Bilbao eta Euskararen Etxea, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena), Txakolingunea (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), C.I. Pasión Viviente de Balmaseda, Museo de la Historia de la Villa (Balmaseda), Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa (Berango), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Ekoetxea Urdaibai (Busturia), Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima), Arte eta Historia Museoa Durangon, San Balentin Berrio-Otxoakoaren Museoa (Elorrio), Loizaga Torrea (Galdames), Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Bakearen Gernikako Museoa, Bizkaia Zubia (Getxo), Antxinako Dolomiten Fabrikako Museoa (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi), Medikuntzearen Historiaren Euskal Museoa (Leioa), Andrés de Urdaneta Historia Naturalaren Museoa (Loiu), Hontza Museoa (Mañaria), El Pobal Burdinola (Muskiz), Orozkoko Museoa, Plasentia de Butrón Museoa (Plentzia), Rialia-Museo de la Industria (Portugalete), Centro de interpretación de la técnica de pesca Agurtza (Santurtzi), Centro de Interpretación Santurtzi Itsasoa Interpretazio Zentroa, Enkarterriko Museoa (Sopuerta)  eta Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu