Kandinskiren erakusketara 120.000 bisitari joan dira
2021-05-13 08:36 KultureaBeste aste bi geratzen dira erakusketea ikusteko, Bilboko Guggenheim Museoan.
Maiatzaren 23ra arte ikusi ahal izango da Bilboko Guggenheim Museoaren urteko erakusketa nagusietako bat, Vasili Kandinski artista errusiarrari eskainitako monografikoa. Aurreko urteetako beste erakusketa batzuen zenbakietatik urrun dabil honako hau bisitari kopuruari jagokonez, pandemiak eragindako mobikortasun-mugak oztopo handia izan diralako.
Halandabe, Guggenheim Museoko arduradunak pozik dagoz jentearen erantzunagaz. Pandemiaren oztopoak oztopo, 120.000 bisitari izan ditu orain arte erakusketeak, zemendiaren 20an zabaldu zanetik. Behin betiko kopurua ezagutzeko hurrengo aste biotan joango diran bisitariak kontau beharko dira, baina mobikortasunari lotutako murrizketa ugari kendu barri dituenez, Bilbora hurreratzeko aukerea zabalduko jake askori.
New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazinoaren funtsetako 62 obra ikusi leitekez Kandinsky izeneko erakusketan. Vasili Kandinskiren, XX. mendearen hasierako pinturearen barritzaile nagusietako baten, obrearen bilakaerea ezagutu leiteke aretorik areto doan ibilbidean.
Artearen eta estetikearen teorialari garrantzitsua izan zan Kandinski bere sasoian. Ganera, abstrakzinoaren aitzindaritzat joten dabe adituek.
Kandinskirena ez da Bilboko Guggenheimen orain dagoan erakusketa handi bakarra. Egunotan zabaldu dabe Urte eroak: 1920ko hamarkada izenekoa, orain dala ehun urteko iraultza artistiko, teknologiko eta sozialaren ingurukoa. XIX. eta XX. mendeen artean Bilbon behar egin eben artisten koadro ugari dagoz, bestetik, Bilbo eta pintura erakusketan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!