Labayruk lankidetza-hitzarmena adostu dau Jaurlaritzeagaz eta Foru Aldundiagaz
2021-05-12 13:45 KultureaBesteak beste, Bizkaiko euskerearen corpusa bultzatuko dabe.
Labayru Fundazinoak lankidetza-hitzarmena sinatu dau inguruko erakunde publiko nagusi biakaz, Eusko Jaurlaritzeagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz. 2021etik 2024ra arteko akordioa da, eta, horri esker, Labayruk hizkuntza arloan egiten dauen lanean sakondu ahal izango dau. Alkarlanerako oinarriak ezarri ditue, proiektu zehatzak aitatzeaz gan.
Bilbon egindako agerraldian emon dabe hitzarmenaren barri hiru erakundeetako ordezkariek: Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak eta Igone Etxebarria Labayruko zuzendariak. Hiruren arteko lankidetzea ez dala barria gogoratu dabe, 21 urte daroez era honetako hitzarmenen bidez alkarlanean.
2021-2024ko hitzarmenak lexikografiaren arloko programak finantzauko ditu, baita Bizkaiko euskerearen corpusa bultzatzea helburu dabenak be. Labayru Fundazinoak lankidetzan jardungo dau unibersidadeakaz eta beste erakunde akademiko batzukaz, hizkuntzearen arloko ikertzaileei prestakuntzea emoteko.
Jarraipen Batzorde bat arduratuko da hitzarmenean batutako jarduna beteten dan jagoteaz eta ordaindutako gastuen jarraipena egiteaz.
Bizkaitik lan eginda Euskal Herri osoan Labayruk dauen proiekzinoa nabarmendu dau Bingen Zupiriak Bilbon: euskerearen munduan erreferentzia bihurtu da, batez be Euskal Herriaren sartalde honetan, bizkai euskerea bizi dan eta dirauen lurralde honetan.
Lorea Bilbaoren arabera, Labayruk euskerearen sustapenean, zabalkundean, material didaktikoaren sorkuntzan eta irakaskuntzan ibilbide oparoa dau. Bizkaian dau egoitzea Labayruk baina adarrak euskerearen eremu osoan ditu, eragina eta ekarpena euskal kulturearen eremu osorakoa da. Nik gaur hori autortu nahi deutset, esan dau Kultura diputaduak.
Igone Etxebarriak oraintsu hartu dau Labayruren zuzendari kargua, Adolfo Arejitaren ordez. Orain arte Labayrun egin dan lanari eusteko ahaleginean, 2021-2024ko hitzarmen hau funtsezkoa izango dala gogoratu eragin dau: talde konprometidua daukagu, eta, behar dan babesa euki ezkero, gure hizkuntzea eta gure ondarea zabaltzen jarraituko dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!