Itsasadarra Agustin Ibarrolaren begiradatik

Bizkaie! 2021-05-12 09:35   Kulturea

Artista bizkaitarraren marrazki eta pinturen erakusketea zabaldu dabe Bilboko Itsasmuseumen.

Erakusketearen aurkezpena (argazkia: Itsasmuseum) | Ikusi handiago | Argazki originala

Itsasadarraren inguruko fabrikak, moilak, ontziolak eta tximiniak dira Agustin Ibarrolaren obrearen kokaleku nagusietako bat. Itsasadarra bera ez dau gaitzat erabili, baina inguruko paisajeak sarri agertu dira bere marrazki eta pinturetan. Horregaitik, Itsasmuseumek Ibarrolaren hainbat artelan batu ditu 2022ko urtarrilera arte egongo dan erakusketan. Ibarrola Itsasadarrean; ura, burdina, sua eta airea izenburua ipini deutse.

Gehienbat 1970eko hamarkadako obrak ikusi leitekez, itsasadarraren eta paisaje industrialaren estetikeak Ibarrolaren lanak baldintzatu zituanekoak. Hogei marrazki eta formatu handiko hamazazpi orio-pintura dira, itsasoa eta industria gai nagusi dala: ontziolak, arraunak, dikeak, itsasontziak, galdategiak, tximiniak, langileak... Suari eta brdinari egindako omenaldia, baina baita urari eta aireari be. 

Erakusketako katalogoak Agustin Ibarrolaren beraren azalpena dakar: Beharbada langileen semea izateagaitik eta neu be langile izateagaitik, beti interesau izan jat gizakiak bere lanagaz sortu dauen guztia. Gaztetatik agertu izan da nire pinturetan fabriken, tresnen, artisau-formen mundua, euren ehundura, materialtasun, eta koloreakaz.

Dana dala, iraganeko memoria historikoa berreskuratzeko ariketea baino gehiago da erakusketea. Egokitu jakon sasoiagaz konprometidutako sortzaile baten zuztar humanistak eta sozialak aldarrikatzea be bada asmoa, Itsasmuseumeko ordezkariek azaldu dabenez. 

Irrintzi Ibarrola da erakusketearen komisarioa, eta katalogoa be berak idatzi dau. Babesle nagusia Laboral Kutxa da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao be aurkezpenean izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu