Gondra Barandiaran Bekak eskatzeko epea zabalik

Bizkaie! 2021-05-11 13:36   Kulturea

Zazpi aukeratuek trebakuntzea jasoko dabe Bilboko Arte Eder Museoan. 

Gondra Barandiaran Fundazinoak eta Bilboko Arte Eder Museoak zortzigarren urtez egin dabe alkarlanean antolatzen dituen beketarako deialdia. Maiatzaren 12tik bagilaren 2ra egin ahal izango dabe eskabidea interesdunek. Oraingo honetan, Gondra Barandiaran Beketan zazpi plaza egongo dira.

Artearen edo lotutako jakintzaren baten titulua eskuratu barri dabenak aurkeztu leitekez deialdira, 1991n edo geroago jaiotakoak. Ikasketetan jasotako formakuntzea zabaldu eta gaitasun barriak ikasiko ditue aukeratutako zazpirek, museoko lan-giroan eta bertako profesionalakaz behar eginez. 

Bederatzi hilez egongo dira aukeratutako zazpi gazteak Arte Eder Museoan, urriaren 1ean hasita. Hainbat arlo teknikotan prestakuntzea emongo deutsela azaldu dabe deialdiaren antolatzaileek.

Gondra Barandiaran Fundazinoaren sorrerako helburuetako bat kultura-jarduerak bultzatzea da, baita heziketarako laguntzinoak emotea be. Helburu horreek gogoan, Bilboko Arte Eder Museoagaz lankidetzan dabil 2014tik, urteroko beka deialdiaren bitartez. Horrezaz gan, 2017tik Museoko Patronatuko kide da fundazinoa, eta trebakuntza artistiko eta museografikoagaz lotutako beste jarduera batzuk sustatzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu