'Prototipoak', bagilaren 1etik 5era Bilbon

Bizkaie! 2021-05-11 13:46   Kulturea

Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketea.

Bilboko Udaleko Azkuna Zentroak bagilaren 1etik 5era, Prototipoak. Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketea atondu dau eta ikusizko arteei, erretratugintzeari, zinemeari, arkitektureari edo performanceari lotutako zortzi proiektu aurkeztuko dira.

Prototipoak urte birik behingo proiektua da, begirada zein jatorri ezbardineko artistek esperientzia barriak planteetako, eguneroko bizimodu eta begirada artistikoagaz lotuta. Forma Artistiko Barrien bidez egiten dabe, euren kode eta sorkuntza denporakaz, aldatzen diran agertoki eta formatuetan, errealidadearen hainbat alderdi auzitan jarten daben lengoaia desbardinakaz.

Aurten, Sra. Polaroiska, José Ramón Ais, Diego Sologuren, Sébastien Tripod, Maider López, Laida Lertxundi, Ren Ebel, Elssie Ansareo, Elena Aitzkoa eta Amalia Fernández sortzaileek parte hartuko dabe.

Lekua ehundu, korapilatu eta txirikordatu

Prototipoak programea aurrera doa, 2016an jaio zan, artearen bidez gizarte-arloaren izakera, performatibidadea eta aniztasuna esploretako asmoz eta, horrezaz gan, ikuspegi poetiko, estetiko eta politiko batetik modu kritikoan atontzen laguntzeko.

Hasieratik, lekua elementu nagusia izan da. Orain, arreta berezia eskaintzen deutso lekuagaz ehundu, korapilatu eta txirikordatzeko aukereari, praktikeak eta parte hartzen daben artistenak gainditzen dituen hartu-emonak sustatuz.

Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak adierazo dauenez, Prototipoak zentroaren kultura-proposamenaren paradigma da esangura askotan. Lengoaia garaikideen sustapenean eta hedapenean oinarritutako programazinoa, artisten eta publiko-komunidadeen arteko topaguneak edegiten dituana.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu