Unidade didaktikoa eta erakusketea, Lamiakoko Maskaradea ezagutzeko

Bizkaie! 2021-05-11 13:07   Kulturea

Leioako tradizino baliotsuenetako baten barri emotea da helburua.

Udaleko ordezkariak eta Maskaradearen antolatzaileak, unidade didaktikoa eta erakusketea aurkezten (argazkia: Leioako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzeko azken barikuan egiten dabe, urtero-urtero, Lamiakoko Maskaradea, baina, Covid-19aren erruz, igaz ezin izan zan antolatu eta aurten be bertan behera itxi beharko dabe. Urte biko hutsune hori beteteko asmoz, Leioako Udalak ikasleentzako unidade didaktiko bat argitaratu eta auzorik auzo joango dan erakusketa ibiltaria atondu dau. 

Unidade didaktikoa Lehen Hezkuntzako ikasleentzat aproposa da, eta Maskaradearen historia, personaiak eta ezaugarriak azaltzen ditu, modu atseginean eta olgeten bidez. Leioako bost ikastetxe publikoetan dabizan 800 ikasleen artean banatuko ditue unidade didaktikoaren kopiak.

Arina eta dibulgatiboa da argitalpena, eta neska-mutilek egiteko moduko jarduera dibertigarrak be badakarz. Esate baterako, Maskaradan ohikoak izaten diran maskarak marraztu eta jantzi ahal izango ditue. Maskaradearen soinuak entzun eta jantzak ikusteko, QR bidezko loturea ipini deutse argitalpenari. Era berean, material osogarria jarriko dabe lamiakomaskarada.eus webgunean. 

Leioako Udalak azaldu dauenez, herriko tradizino baliotsuenetako bat da Maskaradea, azken urteotan herritarren artean sakon zuztartu dana. Ospakizun horri buruz gehiago jakin ahal izango dabe, eta horren parte izango dira

Beste alde batetik, argazki erakusketa ibiltaria ikusi ahal izango da, Maskaradearen momenturik hunkigarrienak gogoratzeko. Maskaradearen antolatzaileek itxitakoak zein Udalaren artxibotik hartutakoak dira irudiak. Badagoz Marcos Ferrer argazkilariak eta Jose Luis Raymond eszenogragoak lagatakoak be. 

Auzorik auzo ibiliko da erakusketea, hileon bertan hasita. San Bartolomen, Txorierrin, Pinuetan eta Leioa erdigunean egingo ditu geldialdiak. Era horretan, Lamiakotik kanpoko leioaztarrek Maskaradearen barri zehatzagoa izango dabe. 

Leioako alkate Iban Rodriguezek beharrezkotzat jo dau era honetako ekimenak antolatzea, Maskaradea ezagutuarazoteko eta ospakizunaren arduradunei omenaldia egiteko: Ospakizun berezia da leioaztarrentzat, batez be Lamiakoko auzotarrentzat. Badakigu zer dan urte biz jarraian ezin antolatzea. Horregaitik, auzoaren lanari balioa emoteko eta bere historia eta tradizinoa zabaltzeko unerik onena dala uste dogu. Lamiako Maskarada Alkartearen laguntzinoa eskertu dau alkateak, unidade didaktikoa eta erakusketea egiteko ezinbestekoa izan dalako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu