Bilboko San Frantzisko komentu zaharreko aztarnategiak zabalik
2021-05-07 10:45 KultureaMaiatzaren 8tik aurrera zabalduko ditu ateak jentearentzat.
Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazeak badau altxor gorde bat, 2017tik gozau ahal izan dana, aurrez erreserbautako bisita gidatuei eta ate edegietako jardunaldiei esker. San Frantziskoko aztarnategia da, frantziskotarren XV. mendeko komentu baten hondarrek osotua.
Plazan zundaketa arkeologikoa egin ostean –ustezko eremu arkeologikoa baitzan–, Alfontso Printzearen Kuartelaren hondarrak topau zituen, XIX. mendekoak, baita San Frantzisko komentuarenak be. Azkenik, zenbait urtez indusketak egin eta eremua herritarrentzat berreskuratu ostean, Bilboko Udalak erabagi eban, Berreginen Museoaren bitartez, herritarrei komentu zaharraren aztarnak ezagutzeko eta hareez gozetako aukerea emotea. Ekimenak erantzun bikaina izan dau urteotan.
Orain, harrera ona ikusita, maiatzaren 8tik aurrera aztarnategiaren ateak zabaltzea erabagi dau erakunde bizkaitarrak, aldez aurretik erreserbea egin barik, eguen, bariku eta zapatuetan, ordutegi honetan:
Eguenetan: 10:00etatik 13:30era / 16:00etatik 19:00etara.
Barikuetan: 10:00etatik 13:30era.
Zapatuetan: 11:00etatik 14:00etara.
Jentearentzako edegita, bai Berreginen Museoak bai haren patronoek be, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, barriro jakinarazo gura dabe gune horrek dauen garrantzia, ondarearen zein historiaren ikuspuntutik.
Bilboko Berreginen Museoak kudeatzen dau gunea eta bertan, multzoaren eregite-faseak ikusi daitekez, XV. mendearen amaieran eregitako komentuaren lehen arrastoak eta XIX. mendean eratsi edo lurreratu eben arte. Haren gainean, mende haretan bertan, kuartela eregi eben eta horren zenbait egitura be konserbau dira.
Uribilduaren historia-zati hori ezagutu nahi daben guztiak sartu ahal izango dira 2.000 m2 baino gehiagoko eremu estalian eta inguru ikusgarriaz gozau. Horretarako, sarrerea erosi beharko da Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea, 14). Horren bitartez gune biak ikusi ahal izango dira, bai museoa, baita aztarnategia be. Bisita orokorraz gan gidatutako bisitea egin gura izan ezkero, hondar arkeologikoon alderdi guztiak sakonago ezagutzeko, Berreginen Museoko Hezkuntza Zerbitzuak gidatutako bisitak antolatzen ditu, 94 415 02 31 zenbakian aldez aurretik erreserbea eginda.
Historiaz eta aukerez betetako leku bat da. Hainbat ekitaldi izan dira bertan: kontzertuak, berbaldiak, erakusketak... Azkenekoa Soplo-Arnasketa saiakerak izan da, BilbaoArteren eskutik zenbait artista gazteri euren lanak erakusteko aukerea emon deutsen erakusketea. Era berean, Berreginen Museoak “Altxor Elektrikoak” erakusteko erabili eban aztarnategia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!