Felix Goñi euskal biofisikariari Humboldt Saria emon deutse
2021-05-06 12:21 KultureaHaren ibilbide oparoagaitik egin deutso autortzea Alexander von Humboldt Fundazinoak.
Zientziaren alorreko sari ospetsuenetako bat da Alemaniako Humboldt Saria, Alexander von Humboldt eta José Celestino Mutis zientzialarien omenez emoten dana. 2021eko edizinoan, Humboldt Fundazinoak Felix Goñi EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna saritu dau.
Zientziaren arloan egin dauen ibilbide oparoagaitik emon deutse saria Goñiri. Donostiarraren ikerketa eta irakaskuntza lorpen garrantzitsuak aitatu ditu Humboldt Fundazinoak.
Bultzada ekonomiko galanta emoten dau Humboldt Sariak, 60.000 euro. Horrezaz gan, gonbidapena egin deutse Goñiri, ikerketa proiektu barriak hasteko Alemaniako zientzialariakaz batera.
Félix M. Goñi (Donostia, 1951) Nafarroako Unibersidadeko doktorea da, Medikuntzan eta Kirurgian. EHUn irakasle eta Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna da 1984tik. Mintz zelularrak ikertzen ditu, eta gai horri buruzko 300 artikulu baino gehiago argitaratu deutsez aldizkari espezializaduetan. Hainbat sari irabazi ditu urteotan, esate baterako, 2002ko Euskadi Ikerketa Saria eta Bizkaitar Argia izendapena 2012an.
Horrezaz gan, erakunde ugaritan ardurak izan ditu: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria (1995-1999) eta CSIC-UPV/EHU ikergune mistoaren Biofisikako Unidadearen zuzendaria izan da (2002-2015).
Pozik nago saria nire ibilbide akademikoaren amaieran heldu dalako, aurten hartuko dodalako erretiroa, adierazo dau Goñik. Niretzat urrezko amaiera bat da… brontzezko ibilbide batentzat. Urteotan alboan izan dituan ikasleak eta doktoregaiak gogoan hartu ditu eta Alicia Alonso emazteari be eskerrak emon deutsaz, proiektu askotan lagundu deutsalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!