Pedro Ugarte eta Jesús Ferrero Bilbon, 'Eztabaidak literatureagaz' zikloan

Bizkaie! 2021-05-06 08:47   Kulturea

Maiatzaren 11n izango da hitzordua, Bidebarrieta liburutegian.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Eztabaidak literatureagaz zikloaren hurrengo hitzorduan ibilbide luzedun idazle bi konbidauko ditue Bidebarrieta liburutegiko barriketaldietara: Pedro Ugarte eta Jesús Ferrero.

Egia eta guzurra literaturan izenburupean, hainbat gai jorratuko ditue, adibidez, egia eta guzurra alkarren kontrakoak ete diran, edo lehengo egiak balioa galdu dauen. Post-egia lako kontzeptuak aztertuko ditue, eta, bitxikeria lez, euren personaia guzurti gogokoena zein dan esango dabe. Txani Rodriguez izango da moderatzailea.

Saioa 19:00etan hasiko da. Bertara joan nahi dabenek gonbidapena eskatu beharko dabe aurretik, doban, eta 18:15etatik sartu ahal izango dira aretoan, osasuna babesteko neurri guztiak betez. 

Pedro Ugarte obra narratibo zabal baten egilea da. Argitaratu dituan liburuen artean dagoz Los traficantes de palabras, Manual para extranjeros, La isla de Komodo, Los cuerpos de las nadadoras (Euskadi Literatura Saria), Una ciudad del norte, Pactos secretos, Guerras privadas, Casi inocentes, Mañana será otro día eta El mundo de los Cabezas Vacías. Ganera, La Expedición liburuan batu ditu hainbat mikrokontakizun. Prentsan be argitaratzen ditu artikuluak.

Jesus Ferrero Euskal Herrian bizi izan zan umetan eta nerabezaroan, ikasketak egitera Parisera joan aurretik. Bere nobelen artean dagoz Bélver Yin, Opium, El efecto Doppler, El último banquete, Las trece rosas, Ángeles del abismo, El beso de la sirena negra, El hijo de Brian Jones eta Nieve y neón. Poesian, Las noches rojas bildumearen egilea da. Idazle izateaz gan, zinemako gidoiak eta prentsako erreportajeak egiten ditu. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu