Aurrera Fest barriro egingo dabe 2021eko udan
2021-05-05 13:42 KultureaArte eszenikoen eta musikearen topagune izango da Bilboko Euskalduna Jauregia.
Kulturgintzan dabizanei bultzadea emoteko sortu eban igaz Aurrera Fest Bizkaiko Foru Aldundiak, eta lehenengo edizinoaren arrakastea ikusita, aurtengo garagarrilean barriro antolatzea erabagi dau. Bigarren edizinoaren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin dabe Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta Euskalduna Jauregiko ordezkari Begoña Anguisolak.
Kulturgintzeari babesa emoteko asmoz, Aurrera Festeko egitarauan sartu nahi daben sortzaileek normalean baino baldintza hobeak izango ditue euren ikuskizunetarako. Goi mailako aretoak eskaintzeaz gan, zerbitzu ugari be antolatzaileen ardurea izango dira, adibidez, txarteldegia, komunikazinoa, baliabide teknikoak eta abar.
Arte eszenikoetan edo musikan dabizan sortzaileek egin leikie II. Aurrera Festeko egitarauaren parte izateko eskabidea, maiatzaren 16ra arte. 50 eta 90 minutu bitarteko ikuskizunetarako proposamenak aurkeztu beharko ditue, aretoan egiteko modukoak eta jenteak jesarrita ikustekoak. Sarrerak saltzetik batutako diruaren % 85 artista, talde edo konpainientzat izango da.
Indarrak batu gura doguz sektore horri guztiari bultzadea emoteko eta laguntzeko, azaldu dau Begoña Anguisolak. Lorea Bilbaok zera ganeratu dau: Aurrera Fest 2020an sortu zan, gure baliabide guztiak kultur sektorearen eskura jarteko, eta jentearen aldetik harrera ona izan ebala ikusita, 2021ean barriro jarriko dogu martxan. 4.800 ikus-entzule baino gehiago joan ziran igazko edizinoko emonaldietara.
Kulturearen sektoreari laguntzeaz batera, Aurrera Festen beste helburua da publikoari kulturaz gozetako aukera seguruak emotea. Saio guztietan zorrotz beteko dira osasuna babesteko arauak. Ekimena garagarrilerako aurreikusi daben arren, osasun-egoereagaitik aldaketak egon leitekez.
Interesa daben artistek eta konpainiek, beraz, zabalik dabe eskabidea egiteko epea. Behin proposamen guztiak aztertuta, bagilaren 2an egitarau zehatzaren barri emongo dau Foru Aldundiak eta sarrerak saltzen hasiko da. Disziplina guztietako ikuskizunak sartzen ahaleginduko dirala agindu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!