'Akaso, izango da plazarako saltoa egingo dauen esperimenturik be'

Bizkaie! 2021-05-05 13:12   Bertsolaritzea

Gauzkaten Eztarri Lerratuak, maiatzaren 6an, Donostian.

Maiatzaren 6an, 11n, 18an eta 25ean batuko gara Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Zarautzen; bertsoak kantau eta entzundakoaz gogoetea egiteko. Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola, Maite Berriozabal eta Miren Artetxe, Gerturatu Eta Lau ekimenari buruz: Maiatzaren 6an hasiko da Gerturatu Eta Lau ekimena: Gauzkaten Eztarri Lerratuak. Kantaerea izango dau hari bertso saioak eta ikus-entzuleen parte-hartzea be bultzatuko da, gaiaren inguruan hausnarrean, danon artean saioa biribiltzeko. Donostiako Larratxo Kultur Etxean izango da, 18:30ean hasita. Aurrez aurre: Etxahun Lekue, Haizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio. Sartzea doban da, baina izena emotea nahitaezkoa hemen

Beti esan izan da bertsolaritzea taldeko ekintza bat dala. Baina, zenbateraino aztertu dogu taldetasun hori? Zelakoa litzateke bertsolaritzearen egiturea bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritzea elementu askok osotzen dabe eta batzuetan jokerea izaten dogu elementu horreek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantetan dana eta kantetan dauen gorputza. Testua eta kantaerea. Muga zurrunak ezarri ordez horreek lausotu eta bertsolaritzea beste leku batetik biziko bagendu, ez ete geunke sorkuntzarako leku eta bide barririk topauko?

Urrutitik begiratu izan ditugun pieza horreen arteko hartu-emonak beste modu batean lantzeko ahalegina da Gerturatu Eta Lau. Lau saiotan eta lau ardatzetan egituratu dogu proposamena: bertsolarien erabakimena, entzuleen erabakimena, kantaerea eta gorputzen arteko hartu-emonak. Horreek dira landuko ditugun ardatzak. Beti ere olgetea ardatzean jarriz eta oholtzako eta oholtzapeko hartu-emonek eskatzen dabe mimoz.

Tangramaren paradoxeak dino pieza bardinakaz egitura bardinak eregita be, emoitzea ezbardina izaten dala. Hari horretatik tiraka, oholtza gaineko botere hartu-emonak bardin eregiten dira kasu guztietan? Bertsozalegoak beste era batera hartu leike parte bertso saio batean? Zer eta zelan erabagi gura dau bertsolariak saio batean? Kantaerea beste modu baten landu geinke? Praktikearen teoriatik edo, nahi bada, teoriaren praktikatik, saiakera bat egingo dogu, porrota be arrakastatzat jota.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu