'El dilema de Otis' eta 'Salaketa'

Bizkaie! 2021-05-05 09:50   Antzerkia

Alex Angulo eta Kriseilu Antzerki Laburren jardunaldietako sariak emon ditue.

Orain hilebete inaugurau ziran Pabilioi 6ko Antzerki Arineko 8. Jardunaldiak, 16 proposamen ezbardin (13 estreinaldi eta 3 gonbidatu); 12 egunetan zehar, 144 emonaldiren ostean, jardunaldien amaierea heldu da, irabazleak zeintzuk diran ezagutzeko momentua.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak emondako ikuskizun onenaren 3.000 euroko Alex Angulo saria, Aitor Vildósolak idatzi eta zuzendutako El dilema de Otis antzezlanarentzat izan da, Paula Guereñuk eta Marina Yañezek antzeztua. Bestalde, Salaketa antzezlanak euskerazko lan onenaren Kriselu saria jaso dau, beste 3.000 euro, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eskutik. Goiatz Labandibarren testua, Mikel Martinezek eta Gaizka Chamizok antzeztua.


El dilema de Otis

Domekara arte itxaron beharko da gainerako sariak ezagutzeko: Pabilioi 6eko Antzerki Laborategiak emoten dauen Interpretazino Onenaren Saria eta Ikusleen Saria, maiatzaren 9an, domekan, 13:30ean egingo dan sari-banaketa ekitaldian, Los Aborigenes: Lorca, Dalí, Buñuel antzezlanaren ostean.

Epaimahaia, aurten, 5 emakumek osotu dabe: Reyes Moleres, aktoreak; Betitxe Saitua, jantzi-diseinatzaileak; Teresa Abajo, El Correo egunkariko kultur saileko kazetariak; Miriam K. Martxante, aktoreak eta Itxaso Belaza kazetari eta Pabilioi 6eko bazkideak.

Aurten barrikuntzea da saritutako piezak, datorren astegoienean (maiatzaren 8an eta 9an, 18:00etatik aurrera) barriro antzeztuko dituela, ikusterik izan ez dituenek ikusteko aukerea izan deien. El dilema de Otis eta Salaketa pieza irabazleei, lehiaketatik kanpo parte hartu dauen El retablillo de Don Cristóbal gehituko jake. Sarrerak salgai dagoz hemen

Aurtengo aitamen berezia, murrizketa eta osasun protokolo higieniko guztiak tarteko, piezak ikusten hurreratuko dan publikoarentzat da. Eta hau guztia ahalik eta ondoen egiteko eskuz-esku lanean jardun daben Pabilioi 6 eta Gazte Konpainiako taldekideentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu