Sara Ayesa eta Intza Arakistainen pinturak ikusgai Batzar Nagusien egoitzan

Bizkaie! 2021-05-04 13:44   Kulturea

Maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik Boogity shu erakusketea. 

Artista biak eta Ana Otadui, erakusketearen aurkezpenean (argazkiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Batzar Nagusiak eta EHU aspaldi dabiz alkarlanean, Arte Ederretako ikasleen lanari bultzadea emon eta herritarrei erakusteko. Akordio horren barruan, Boogity shu aurkeztu dabe, Sara Ayesa eta Intza Arakistain artista gazteen hamabost pintura batzen dituan erakusketea. Batzar Nagusiek Bilboko Hurtado Amezaga kalean daukien egoitzan, beheko solairuan, ikusi leiteke, maiatzaren 28ra arte (astelehenetik barikura, 08:00-20:00). 

Artistek eurek erakusketearen aurkezpenean azaldu dabenez, aukeratutako izenburuaren jatorria Barry Mannen Who put the bomb abestian dago. Beste persona batenganako maitasuna adierazoteko Boogity shu berbak erabilten ditu, baita Ramalama din don eta Dip dirip be. Antza ohiko berbak ez dira nahiko, artisten arabera. 

Maitasuna adierazoteko modu dibertigarri eta zoragarri hori pintureagaz lotu dabe Ayesak eta Arakistainek, egiteko modu barriak bilatu dituelako artearen bidez. Existiduten danagaz batzuetan ez dogu lortzen transmitidu nahi dogun horretara behar beste hurreratzea, azaldu dabe. 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari Ana Otaduik adierazo dau ohorea dala euskal artisten belaunaldi barrien sorkuntza-lanak zabaltzea eta talentu handiko gazteen ibilbidearen hastapenaren parte izatea. Oraingoan, Intza Arakistainek eta Sara Ayesak kolore askoko koktela eskaintzen deuskuela dino, deseotik jaioten dan erakusketea, hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu