Komisario Barriak programako hiru proiektuak aukeratu ditue
2021-05-03 09:15 KultureaNatalia Isla eta Aitor Bengoetxea, Javier Arbizu eta Adonay Bermúdez dira egileak.
Arte-komisariotzea bultzatzeko eta profesional barriak sortzen laguntzeko asmoz antolatzen dabe Komisario Barriak programea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gasteizko Artium Museoak, Bilboko Azkuna Zentroak eta Donostiako Tabakalerak. 2021eko edizinoan hautagaitzea aurkeztu daben guztien artean, hiru irabazleak zeintzuk diran emon dabe jakitera.
Hiru beka emongo ditue aurten. Artiumek, Azkuna Zentroak eta Tabakalerak proiektu bana hartuko dabe, bakotxaren ezaugarrien arabera. Zentro bakotxak lan-ildo bat ezarri dau. Honeek dira aukeratuak:
- Artium: Natalia Isla eta Aitor Bengoetxearen Ahotsari eman/Pulsar la voz.
- Azkuna Zentroa: Javier Arbizuren Talud mediodía.
- Tabakalera: Adonay Bermúdezen El desempleo tecnológico.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 30.000 euro emon ditu Komisario Barriak programearen 2021eko edizinorako. Hortaz, aukeratutako proiektu bakotxak gehienez 10.000 euro jasoko ditu.
Komisariotzan eta artearen sustapenean proposamen barritzaileak aurkeztu ditue aukeratutako hiru bekadunek. Esate baterako, Gasteizen Natalia Islak eta Aitor Bengoetxeak egingo daben proiektuan, Euskal Herrian azken hamarkadotako soinudun artearen praktikak aztertuko ditue. Soinuaren produkzinoa hartuko dabe kontuan, ikuspegi tradizionaletik zein soinu-paisaje edo zarata kontzeptuen ikuspuntutik.
Javier Arbizuk, ostera, Juan Pacomino eta David Bestue artisten lanari begiratuko deutso Azkuna Zentroan egingo dauen proiektuan. Praktika artistiko bi buztartuko ditu, aldiberekotasunean, konbergentzian eta argian zentrauta. Bilboko leku ikoniko bat, Artxandako jolas-parkea, desegitetik hasiko da Arbizuren komisariotzea, Pacomino eta Bestueren lanak Azkuna Zentroko eremu barrira egokitzeko asmoz.
Azkenik, Adonay Bermúdezek Tabakaleran aztertuko dau Maynard Keynes ekonomialariak definidutako langabezia teknologikoaren kontzeptua, online erakusketa baten bidez. Artistek, piezen egileak diran arren, gero eta jarrera pasiboagoa edo estatikoagoa hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!