'Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak' erakusketea aurkeztu dabe
2021-05-03 09:09 KultureaZemendiaren 1era arte egongo da ikusgai.
Cristóbal Balenciaga Museoaren hamargarren urteurrenaren harian aurkeztutako Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketearen aurkezpenean parte hartu dau Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaleak. Aitatu sortzaile bi horreen –Azzedine Alaïa (1935-2017) eta Cristóbal Balenciaga (1895-1972)– ehun lanetik gora egongo dira ikusgai, Parisko Azzedine Alaïa Fundazinoaren bildumakoak danak. Zupiriagaz batera aurkezpenean izan dira Olivier Saillard, erakusketako komisarioa, Harkaitz Millán, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Saileko diputadua eta Cristóbal Balenciaga Fundazinoko presidentea eta Miren Vives, Cristóbal Balenciaga Museoko zuzendaria.
Azzedine Alaïa (1935-2018) jostun tunisiarra moda-bildumagile bikaina izan zan. Bost hamarkada baino gehiagoko lan-ibilbidean, parerik ez eban bildumea osotu eban. Teknika espezifikoz egindako jantziak zituan interesgune eta modearen historiako izen eta piezarik gutiziatuenak galbidetik erreskatetea eban helburu eta horreen artean, Cristóbal Balenciaga eban kutunena, estimatuena.
Olivier Saillard komisario izan dauen erakusketa honek lehen aldiz batu ditu sortzaile bien ehun piezatik gora eta bien ezaugarri ugari jarten dira agirian, bai sormen-prozesuari bai diseinuari jagokenez be. Era berean, balioan jarten dau bi couturierren denporaz gaindiko ondarea eta modearen historiari egin deutsen ekarpena.
Erakusketeak sei erakusketa-areto hartuko ditu –museoko 1.000 m2 inguru–, eta apirilaren 30etik zemendiaren 1era egongo da ikusgai. Azzedine Alaïa Fundazinoak eta Cristóbal Balenciaga Museoak atondu dabe alkarlanean eta, hain zuzen, erakunde biek Hubert de Givenchy gogoratzeko abiarazotako proiektua da, izan be, ha izan zan idea horren jatorrizko sustatzailea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!