'Like Beauty In Flames', Bilbon
2021-05-03 08:21 KultureaGuggenheim Museoak eta Jenny Holzer-ek errealidade areagotuko obra bat aurkeztu dabe.
Guggenheim Bilbao Museoak Like Beauty In Flames aurkeztu dau, Jenny Holzer artista estadubatuar ospetsuaren obra barria, errealidade areagotuaren (EA) baliabidera eroaten dauena Holzerrek hizkuntzan oinarritutako arte berezia. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako beren-beregi sortutako artelan parebakoa eskuko telefonoetarako diseinautako aplikazino baten bidez bistaratzen da eta hiru esperientzia desbardin aurkezten ditu EA teknologia erabilita: kokapen zehatzeko obra bi, Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektureagaz bat eginda; eta hirugarren bat, munduko edozein lekutatik aktibetako modukoa. Like Beauty In Flames obreak teknologia barria darabil Holzerren praktikarik gailenenari jarraitasuna emoteko: hausnarketara eroaten gaituen testuak espazio publikoan kokatzea, modu demokratiko eta irisgarrian.
Hemendik aurrera, Holzerren errotulu argidunen EA bersinoa ikusiko dogu Museoko Atrio nagusian barrena, kurbatuz eta espiralean biratuz doan zutabe batean Truismoak agertu ahala, ingelesez, gaztelaniaz, euskeraz eta frantsesez agertu be. Museoko hiru pisuetako bakotxak esperientzia bat eskaintzen dau, LEDak eraikinaren arkitektureagaz dauen interakzinoa aldatu egiten baita behatzailearen ikuspuntuaren arabera.
Kanpoaldean, Museoaren inguruan kokatutako bost gunetatik datozen EA proiekzinoak fatxadearen gainean agertuko dira, Holzerrek bere Zera deskribaezina atzera begirako erakusketarako sortutako For Bilbao (2019) obra monumentalaren gomuta birtuala balira legez. Artisteak EA proiekzinoetarako aukeratutako testuak beste autore batzuenak dira, izan be, obrearen titulua, Like Beauty In Flames, Anna Świrszczyńska idazle poloniarraren Edertasuna hil egiten da (Beauty Dies) poematik hartua da; Holzerrek ikuskizun immaterial bihurtutako testu ugarietatik bat da ha be.
Obrearen azken osogaiak aukerea emoten deutse erabiltzaileei, dagozan lekuan dagozala, Holzerren Truismoak espazioan zelan itxuratzen diran ikusteko. Aukera barri horrek irudikatu egiten dau Holzerren praktikak bere ibilbide osoan zehar osotutako muina: berbea espazio publikoan kokatzea, hausnarketeari eta kontenplazinoari bide emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!