Patxi Etxebarria Ibarra 1971ko maiatzaren 2an hil zan Durangon
2021-04-30 13:39 KultureaMinotauro argitaletxeko sortzailearen heriotzearen 50. urteurrena.
Maiatzaren 2an, 50 urte beteko dira Patxi Etxebarria Ibarra 1971an hil zala. Abadea eta filologoaz izateaz gan argitaldari bikaina eta gizon urguria izan zan. 1957an, Madrilen, Minotauro argitaletxea sortu eban. Argitaratutako lehenengo liburua Julio Caro Barojaren Vasconia; de historia y etnología izan zan. Euskal gaiei buruzko lanetan 17 liburu esanguratsu argitaratu zituan, tartean, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena, Antonio Tovar, Aita Baradiaran edo Miguel de Unamunoren lanak. Liburuak Gerediagaren Durangaldeko dokumentategian gordeta dagoz.
Patxi Etxebarria 1908an Urtuellan jaio zan. Gurasoak, Eulogio Etxebarria eta Segunda Ibarra, abadiñarrak ziran baina Orconera meatzaritzako enpresako langilea zan aita eta Enkarterrira joan ziran biziten.
1934an ordenau zan abade eta eleiz ikasketaz gan filologia ikasketak egin zituan Lovainan eta Berlinen. Sasoiko kultur munduko eragileakaz harru-emonetan ebilen, esaterako, Antonio Tovar-egaz. 1938an Burgosko Radio Nacional irratiko zuzendaria zanean sarri izaten ziran alkarregaz. Aurrerago, Tovar-ek Minotauroren eskutik liburu bat argitaratu eban.
50eko hamarkadan Real Sociedad Baskongada de Amigos del Pais-eko buletinean hainbat filologia lan argitaratu zituan. 1954an, Sociedad Española de Estudios Clasicos alkarteko ohorezko kidea izan zan. 1958an, Wilhelm von Humboldt-en Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Hispaniens vermittelst der Vaskischen Sprache liburua gaztelaniaz itzulita aurkeztu eban, Los primitivos pobladores de España y la lengua vasca.
Euskal kulturearen zabalkundeaz arduratuta, Ediciones Minotauro argitaletxea sortu eban 1957an, Madrilen, bertan bizi zalako. 1957tik 1965era, zortzi urtez, euskal kulturarako garrantzitsutzat jo diran 17 liburu argitaratu zituan. Esaterik badago, 50eko hamarkadan, Espainian euskeraz edo euskal gaiei buruzko liburuak, eleiz argitaletxeetatik aparte, Patxi Unzurrunzagaren Zarautzeko Itxaropena argitaletxeak edo Patxi Etxebarriaren Madrileko Minotaurok plazaratzen zituala.
Minotaurok argitaratu zituan, besteak beste, Jose Migel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja, Licenciado Poza, Antonio Tovar, Fausto Arocena, Pio Baroja eta Miguel de Unamunoren lanak.
Hil aurreko urteetan Durangon bizi izan zan, Goienkalen, arrebearen etxean. 1971ko maiatzaren 2an, orain 50 urte hil zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!