Elkar Sariak 2021: Bertsozale eta Lotura Films

Bizkaie! 2021-04-29 13:11   Kulturea

Sariak emoteko ekitaldia 19:00etan hasiko da eta streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da hemen.

2016an hasi zan Elkar Fundazinoa sariak banatzen eta ordutik urtero banatzen ditue Ibilbideari saria eta bi urterik behin, txandaka, Proiektuari saria eta Joseba Jaka bekea. Aurten, Proiektuari saria emon dau Elkarrek. Sariak gaur arratsaldean Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean streaming bidez egingo dan ekitaldian emongo ditue eta goizean egindako prentsaurrekoaren bidez jakinarazo dabe zeintzuk izango diran 2021eko saridunak:

Ibilbideari Elkar saria: Bertsozalek irabazi dau:

Euskal kulturearen arloan egindako ekarpena hartzen da kontuan sari hau emoteko. Bazterren geratzeko arriskua egon arren, bertsoari lekua egitea lortu dau Bertsozale Alkarteak, lekua egitea eta ikusgarritasuna emotea. Bertsoa gaur egungo euskal gizartean, euskaldunen artean, ezaguna eta jarraitua dan kultur adierazpena da eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emoitzea izan da.

Transmisinoa eta zabalkundea, lan ardatz nagusi bi izan ditu. Transmisinoari jagokonez, hezkuntzan txertatzeko bidea egin dabe umeakana hurreratuz bertsoa eta herriz herriko bertso eskolen bidez be bai. Zabalkundeari begira, barriz, hedabideetan lekua eginez eta txapelketen bidez lortu dabe ikusgarritasuna emotea. Gaur egun, urtean ehunka saio antolatzen dira izakera oso diferentekoak. Horri esker bertsolaritzea modernizetan joan da, XXI. mendean bertsoa ez da gauza zaharkitua, oso garaikoa baino. Prestigioa emon jako bertsolaritzeari eta euskal kultureari.

Bestetik, nabarmena da lan horretan alkarteak izan dauen indarra, bertsozaleak batu eta danen artean, alde guztien parte hartzeagaz, taldelanean, egin da bidea. Bertsozale Alkarteak, besteak beste, bertsolaritzearako eta euskal kulturarako aberasgarri diran kultur azpiegiturak jorratu ditu bakarka edo alkarlanean, alkartea bera, Xenpelar Dokumentazino Zentroa, Lanku, Mintzola...

Bertsozale Alkartearen ibilbidea eta haren emoitzak txalotzekoak eta jarraitzekoak dira, Euskal kulturan eredu izan dira eta dira.

Pandemia egoereagaitik igaz ekitaldirik ezin izan zan eta gaurko ekitaldia aprobetxau dabe igazko saria emoteko: Seaska-ko Erik Etxartek jaso dau Jon Jaka eta Joxemari Sorsek emondako garaikurra.

Proiektuari Elkar saria: Lotura Films etxea



Lur eta Amets filma eta telesailaren jarraipen proiektua lantzeko emon jako saria Lotura Films etxeari.

2020an estreinau eben Lur eta Amets film animatua eta haren atzetik etorri zan umeentzako seriea.

Alkarlanean egindako ekimena izan zan, Lotura Films gidari, Ikastolen alkarteak, Katxiporretak eta Elkar-ek berak alkarlanean jorratutako proiektua. Euskal Herriko beste hainbat eragileren laguntzeagaz.

Egokia izango litzateke ha ekimen bakarra ez izatea, harek zeozelako jarraipena izatea. Ona litzateke, umeei begira, gure herrian eta gure kulturan oinarritutako film eta telebistarako serie gehiago egitea hurrengo urteetan.

Harrera ona izan eban filmak, pandemiak behar baino lehenago bota baeban be zinema-aretoetatik eta harrera ona izan eban serieak telebistan emon ebenean; beraz, hartzaileak badagoz egon eta antzeko gauzak eskaintzeko kapaz izan behar dogu.

Elkar Fundazioak badaki Lotura Films-ek interesa dauela Lur eta Ametsen ekimenari jarraipena emoteko eta erabaki dogu aurtengo proiektuari 10.000 euroko saria berari emotea, hurrengo proiektua lantzen hasi daiten. Diru hori proiektu barri bat lantzeko da, pentsetan baitogu Loturak badauela eskarmentua eta esperienztia nahikoa barriro be beste proiektu interesagarri bat lantzeko eta kapaz izango dala, beste hainbat eragilegaz alkarlanean, beste film bat, edo serie bat edo biak egiteko. Beraz, gure itxaropena da urte batzuk barru orain abiatuko danaren emoitzea zinema-aretoetan ikustea.

Kontuak kontu, arratsadeko sari banaketa ekitaldia 19:00etan hasiko da eta streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu