Kresal usaineko poemak dakarz Pako Aristik

Bizkaie! 2021-04-29 08:43   Kulturea

Erein argitaletxeak kaleratu dau Ni eta Gu. Zazpigarren uhina liburua.

Itsasotik hur aurkeztu dau liburu barria Pako Aristik (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Itsasoa eta itsasbazterrean lan egiten daben personak izan dira Pako Aristiren poemategi barriaren inspirazino nagusia. Portuan dabilen jenteagaz izandako alkarrizketa eta barriketaldietatik abiatuta idatzi ditu liburu barriko poemak, bizitzeko era baten bila, beti gizakiaren neurrira, epikarik bilatu barik. 

Ni eta Gu. Zazpigarren uhina izenburua emon deutso Erein argitaletxearen eskutik plazaratutako liburu honi. Gizakiaren dikotomia da Ni eta Gu hori, batzuetan eroso, beste batzuetan gatazkatsu. Umetan jasotako informazinoari kontra eginez, gizakiak bere ahotsaren eta pentsamenduaren bila egiten dauen bidean, Pako Aristik itsasoa topau dau bidelagun.

Gehienbat Getariako portuan ibili da idazlea, hangoakaz berba egiten, hareen pasadizoak entzuten, erabilten daben hizkerea poemetara eroaten... Itsasoko jentearen espiluaren aurrean ipini dau poetea, liburua aurkezteko ekitaldian azaldu dauenez. 

Orain dala bi edo hiru urte hasi zan liburua idazten, erakutsi nahi eban bizimodua desagertu baino lehen. Izan be, galtzear dagozan ofizio batzuen barri emoten dau olerkietan, eta bidelagun izan zituan persona batzuk hil egin dira gero. 

Aristiren poesian betiko gordeta geratu dira itsasoko jente horren guztiaren ahotsak, bizimodu baten azken aztarnak. Argazki batzuk be sartu ditu olerkien alboan. Getarian ez eze, Zestoan eta Orion be kokatu ditu pasarte batzuk, baina beti itsasoa lekuko dala. 

Pako Aristi (Urrestilla, 1963) kazetaritzan lizentziaduna da eta gazte-gaztetatik ibili da literaturan. Lehenengo liburua, Kcappo, 1985ean argitaratu eban. Narratiban, poesian eta umeen literaturan ibili da, eta Kritikearen Espainiako Saria irabazi eban 1998an (Irene, Krisalida, Urregilearen Orduak). Poesian, zazpigarren liburua dau Ni eta Gu. Zazpigarren uhina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu