Algorta online auzoa izango da udabarritik aurrera

Bizkaie! 2021-04-28 08:02   Kulturea

Auzoko merkatari zein profesional independenteei agirikotasun handiagoa eskaintzea da helburua.



Auzoan marketplace edo online salmentarako plataformeak Algorta Internetera eroango dau udabarri honetan auzoko merkatari eta profesionalek merkatu digitalera zabaltzeko aukerea izan deien.

Naroa Laskibar Asua ekintzaile getxotarrak Auzoan plazaratu dau, bere betiko auzoa bizirik eusteko asmoz abiarazotako bertoko start-up bat. Plataformeak Algorta auzoa webgunera eroango dau, danetariko dendak tartean dirala, elikadurarako produktu freskoak zein altzari eta dekorazino dendak, auzoan dagozan zerbitzu profesionalak ahaztu barik. Plataforma honetan auzoan lokal fisikoa dauen edozein establezimenduk parte hartu ahal izango dau, beti be, enpresa handi, frankizia edo multinazionalen parte ez bada. Auzoko merkatari, enpresa eta profesional independenteei agirikotasun handiagoa eskaintzea da helburua.

Saltoki txikiek eta ostalaritza establezimenduek gure auzoei bizitzea emoten deutse eta bertoko ekonomia sustatu gura dogu konsumituteko modu barrien bitartez adierazo dau Naroa Laskibar Asuak, Auzoanen CEO eta sortzaileak.

Marketplace etikoa

Amazon edo AliExpress, online merkataritzarako plataforma erraldoiek ez bezela, Auzoanek ez dau negozioei larregizko komisino eta baldintza gogorrak jarriz errentagarritasuna lortu gura: Plataforma hau desbardin egiten dauana da eskaintzen dogun zerbitzuagaitik eta publizidadeagaitik kobrau egiten dogula; salmenta-komisino barik adierazo dau Naroak.

Auzoan plataformea auzoko denda eta profesionalentzako salmenta bide barria da transformazino digitalerako gaitasun edo bitartekorik ez daben merkatarientzat. Marketplace honek, saltokiak online-denda bihurtu baino, bertoko negozioei eusteko eta bizirauteko aukera barriak emon gura deutsee: Ez dogu gura auzoko dendak online-denda bihurtzea, konsumitzaileei bertoko dendetan erosketak erraztea baino, dendan bertan jasoteko aukerea sustatuz dino Naroak.

Merkatarientzako deialdia zabalik

Momentu honetan, merkatari eta profesionalak batzeko deialdia zabalik dago; interesa daben persona guztiek aurkezpen ekitaldira joateko aukerea izango dabe datorren maiatzaren 3 eta 4an Getxolanen egoitzan (Ogoño kalea 1, Areeta) eguerdiko 14:30ean. Covid 19 dela eta hartu beharreko neurriak bermatuteko, edukierea mugatua (30 persona) eta izen-emotea derrigorrezkoa izango da hemen.

Interesa daben personek, informazino gehiagorako hartu-emonetan jarri daitekez posta elektronikoz (info@auzoan.com) ala telefonoz (644 256 890).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu