Txokolatezko 'Guernica' Gernikan
2021-04-23 10:48 KultureaDatorren domekan, apirilaren 25ean, aurkeztuko dabe Gernikan.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gozogileek animauta sortu barri dan Euskal Gozogileen Federazinoaren ekinbidez, txokolatezko Picassoren Guernica egiten hasi ziran apirilaren 12an. Lezoko (Gipuzkoa) 107. industrialdean, Salva Industrial enpresearen egoitzan ibili dira gau eta egun. Jatorrizko neurria (7,76 x 3,50) dauka, 500 kilo kakao eta txokolate baltza, zuria eta esneduna erabili ditue. Hamalau zatiko (1,10 x 1,86) benetako puzlea, papelean egindako zirriborroaren gainean, beharrizanaren arabera, txokolate zuria, baltza eta esneduna lantzeko.
Eten barik ibili dira beharrean eta sano ekimen interesgarria izateaz gan, gozogileen ekinaren garrantzia nabarmendu dabe: Geure beharra indartu eta ezagutzera emon behar dogu, Euskal Herriko gastronomia gara eta orain arte ez gaitu inork aintzat hartu.
Datorren domekan, apirilaren 25ean, aurkeztuko dabe Gernikan (Ibarra kalea, 7 helbidean, Astra arma lantegi zaharraren aurrez-aurre), eguerdiko 12:00etan
Arantza Tapiak sailburuak Eusko Jaurlaritzea ordezkatuz eta beragaz batera Baionan egoitzea dauan Euskal Urigune Elkargoko ordezkariak zein Nafarroako Foru Gobernukoak, bai eta Gernikako Udaleko alkate Jose Mari Gorroñok iragarri dabe inaugurazinoan izango dirala.
Ekimena kokatzeko sortu barria dan Euskal Gozogileak Federazioak artisau gozogintzea bultzatzeko martxan jarritako estrategia hartu behar da kontuan: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako artisau gozogileen alkarteek osotzen dabe federazinoa eta ekimena sano bitxia eta ederra jarri dabe martxan: Picassoren obrea hartu da erreferentziatzat eta txokoloatezko obrea gauzatzea, hain zuzen be, euskal gizartean dauan balio sinbolikoagaitik, baita kultura unibersalean be.
Lanketa prozesuan Euskal Herriko osoko lurraldeetatik etorritako 40 inguru artisau gozogilek parte hartu dau.
Nazien, italiarren eta frankisten hegazkinek Gernikako herria 1937ko apirilaren 26an bonbardeau eben eta, beraz, 84 urte beteko dira astelehenean. Bezperan, hilaren 25ean, Gernikan aurkeztuko dabe txokolatezko Guernica, Pablo Picassoren obran oinarrituta. Material hauskorra da txokolatea eta koltxoien artean babestuko dabe Lezotik Gernikara eroateko orduan, bideko dardarak ebitetako.
Erakusketa ibiltaria
Mundu mailan, France Press - AFP eta Reuters agentzietan plazaratu dabe barria eta abuztuaren hasieran egingo dan Pariseko Salon du Chocolat entsutetsuak be eskatu deutse euskal gozogileei hara joateko.
Oraingoz, zehaztuta dago Gernikatik Baionara eroatea, baita Madrilera be baina zehaztea falta bada be, eskabideak heldu dira Parisetik eta Belfastetik be eta Japoniako telebista bat be interesauta dago.
Mundu osoan, biztanleria zibilaren kontrako eraso larriaren sinbolo bilakatu da Picassoren koadroa eta pentsa ezin ziran formatu, euskarri, material edo konsumo objetuetan irudikatu izan da eta orain txokolatezkoa be badago Euskal Gozaogileak Federazinoaren ekinbideari esker.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!