Arriaga Antzokiak maiatzetik bagilera arteko programazino berezia aurkeztu dau
2021-04-22 13:45 KultureaMaiatzaren 7an, Urte eroak, 1920ko hamarkadea erakusketea Guggemheim Museoan.
Arriaga Antzokiak maiatzetik bagilera eskainiko dauen programazino bereziaren barri emon dau: zazpi ikuskizun izango dira (opera bat, lau kontzertu eta antzezlan bi), maiatzaren 7tik aurrera Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan Urte eroak, 1920ko hamarkadea erakusketeari lotutakoak.
Kazetarien aurrean izan dira Amaia Arregi Bilboko Udaleko jarduneko alkatea, Calixto Bieito Arriaga Antzokiaren zuzendari artistikoa eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia, lankidetzea bultzatzen daben erakundeen ordezkari legez.
Amaia Arregik adierazo dauenez, oso mugarri garrantzitsua da guretzako, Bilboko Arriaga Antzokian ikuskizun handiak izango ditugu eta horreek Guggenheim Museoko obra handiakaz lotuta egongo dira. Bilboko erakunde handi bi horreen artean sortutako sinergiak aukerea emongo deusku Bilbo artearen eta kulturearen nazinoarteko erreferente lez sendotzeko.
Komenidu da gogorarazotea Guggenheim Bilbao Museoaren eta Arriaga Antzokiaren arteko alkarlan hau Calixto Bieito Arriaga Antzokiaren zuzendari artistikoaren inplikazinoaren bidez sortu zala, berak egingo dauelako maiatzaren 7an, Museoan inaugurauko dan Urte eroak, 1920ko hamarkadea erakusketearen diseinua.
Alkarlan horren helburuak dira, erakusketearen eszenografia aberastea, Bieitoren estiloari eutsiz eta erakunde bien arteko loturea Arriaga Antzokira zabaltzea. Bertan, ikuspegia zabaltzen daben eta erakusketearen osogarri zazpi ikuskizun eskainiko dira. Horri jagokonez, Calixto Bieitok ondokoa nabarmendu dau: Urte eroak, 1920ko hamarkadea erakusketeak Arriagari sakontzeko aukerea emoten deutso, gaur egungo testuingurutik, sasoi haretako eztanda sozial eta kulturalera hainbat hurreraketa artistiko eginez, espiritu kritiko eta sortzaileagaz, horretarako tokiko eta nazinoarteko artistek parte hartzen dabela.
Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusiaren eretxiz, lankidetzeari esker, erakunde bien arteko hartu-emonak sendotu egin dira. Duda barik, Calixto Bieitoren talentua eta ikuspegi artistikoa 'Urte eroak, 1920ko hamarkadea' erakusketearen eszenografian izateak, bisita parebako horretan sartzen lagunduko deusku. Esangura horretan, Arriaga Antzokiaren programazinoak be aukera ezin hobea emoten deusku 1920ko hamarkadako eromenean sartzeko.
Zazpi proposamen
Arriaga Antzokiak zazpi ikuskizunez osotutako egitarau erakargarria dakar, ikusleak XX. mendeko 20ko hamarkadako espirituan sartu daitezan.
Maiatzaren 2an, gerra arteko garaiko musika judura hurreratuko gaitu Jerusalem Quartet eta Hila Baggioren kontzertuari esker.
Maiatzaren 19an, Arriagan París, años 20 kontzertua egongo da, Miren Urbieta-Vega sopranoagaz eta Sapere Aude Sinfoniettagaz, Alain Ayerdiren zuzendaritzapean.
Maiatzaren 20an, antzerkiaren txandea izango da. Doña Rosita, anotada Pablo Remón-ek Lorcaren azken lanetako bati buruz egiten dauen berrirakurketea da. Francesco Carril, Fernanda Orazi eta Elisabet Gelabert dira Teatro Kamikazeren faktorian sortutako obra honen antzezleak.
Los siete pecados capitales Arriaga Antzokiaren produkzino liriko barria da, bagilaren 4an eta 5ean ikusi ahal izango doguna. Opera zaleek ezingo deutse hitzorduari huts egin, izan be, zazpi eszenatan banatutako ballet chanté ospetsua, Kurt Weillen musika eta Bertolt Brechten libretoa dituana, XX. mendearen lehen erdiko konposizino handienetako bat baita.
Nazinoartean lehen mailakoa dan beste soprano bat Ausrine Stundyte da eta egun gitxi batzuk geroago ikusi ahal izango dogu kontzertua, bagilaren 10ean. Abeslari lituaniarra Arriaga Antzokira bueltauko da, izan be, 2019an ikusleak liluratuta itxi zituan, Usandizagaren Mendi-Mendiyan bikaina, Arriaga Antzokiaren produkzinoa zana eta Calixto Bieitok zuzendu ebana, euskeraz kantauta.
Zazpi ikuskizunen artean, bigarren antzerki-proposamen bat nabarmendu behar da, Kakerlake, Kafkaz gabiz, Kafkaren Metamorfosia-n oinarrituta, Richard Sahagúnek egiten dauen egokitzapena. Obrea bagilaren 12an ikusi ahal izango da.
Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren Urte eroak, 1920ko hamarkadea erakusketeari lotutako programeari amaierea emoteko, Arriaga Antzokiaren 2020-2021 denporaldiari amaierea emateko, zinemea eta kontzertua buztartzen dituan ikuskizun bat eskainiko da bagilaren 19an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!