XVIII. Laburbira 29 herritara helduko da

Bizkaie! 2021-04-22 13:33   Zinemea

Kalidade handiko zortzi film labur proiektauko ditue saio bakotxean.

Laburbira, euskal film laburren zirkuitua, 18. edizinoari ekiteko prest dago. Ohiko moduan, euskerazko ikus-entzunezkoak herririk herri eroango ditue, apirilaren 26an hasita. Maiatzaren 30era arte, 29 lekutara helduko dira Laburbirako proiekzinoak. 

Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Laburbirako arduradun Johana Olabarriak adierazo dauenez, igazko pandemiaren ondorioz, ikus-entzunezko grabazino asko bertan behera geratu dira, baina badira kostata aurrera urten daben lanak, eta horreei oihartzuna emoteko erantzunkizuna dogu.

Hortaz, euskerazko zortzi film laburreko programazinoa atondu dabe, kalidade handiko lan barriak danak. 72 minutuko proiekzinoan, ikus-entzuleek danetariko sensazinoak bizi izango dituela agindu dabe Laburbirako arduradunek, genero ugaritako filmak diralako. 

Film laburrak ikusteaz gan, saioetan zuzendariakaz berba egin ahal izango dau publikoak. Izan be, pelikulen egileak konbidauko ditue euren proiektuez berba egin eta entzuleen galderak erantzutera. Dana dala, saio guzti-guztietan ez ditue horreek barriketaldiak antolatuko.

Kontuak kontu, 29 herritan ikusi ahal izango da XVIII. Laburbira. Lehenengo hitzordua astelehenean, apirilak 26, izango da, Ordizian. Azkena, maiatzaren 30ean, Larrabetzun.

Honeek dira Laburbirako zortzi film laburrak:

- Aterpean ateri (Ruben Crespo)

- Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga)

- Game Over (Ilune Diaz)

- Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri,

Xabier Villanina eta Irene Zaldua)
 
- Babarrun txapelketa (Andoni Martinez de Madina eta Julen de la Serna)
 
- Datsegit (Aitor Arruti)
 
- Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet)
 
- Agur (Iñigo Acha).
 
Herrien zerrendea
 
- Bizkaian: Igorre, Ermua, Areatza, Ubide, Getxo, Etxebarri, Dima, Larrabetzu. 
- Gipuzkoan: Ordizia, Elgoibar, Irun, Azpeitia, Usurbil, Bergara, Hernani, Lazkao, Arrasate, Getaria, 
- Araban: Izarra, Oion, Aramaio, Uribarri Gaubea, Gasteiz, Arespalditza, Langraiz Oka, Argantzon
- Nafarroan: Berriobeiti.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu