XXXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien deialdia edegi dabe

Bizkaie! 2021-04-20 13:36   Kulturea

Modalidade bi egongo dira: Komunikazino Saria eta Kazetaritza Saria. 

Estibalitz Alkorta, Alexander Huitzi eta Patxi Baztarrika (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Andoaingo Udalak euskal kazetaritzea bultzatzeko eta eremu horretan dabizanei autortzea egiteko, urtero antolatzen ditu Rikardo Arregi Sariak. Aurtengo deialdia, 33.a, edegi dabela iragarteko agerraldia egin dabe Donostian. Bertan izan dira Andoaingo Udaleko zinegotzi Alexander Huitzi, euskera teknikari Patxi Baztarrika eta Eusko Jaurlaritzako Estibalitz Alkorta.

Orain dala urte bi hasitako barrikuntzeagaz segiduko dabe, hau da, modalidade bitan eskuratu ahal izango da saria. Batetik, Kazetaritza Saria dalakoa; bestetik, Komunikazino Saria. Irailaren 17ra arte aurkeztu leitekez hautagaitzak.

Aurkeztutako guztien artean, modalidade bakotxerako lau finalista aukeratuko ditue antolatzaileek. Irabazleak zemendian ezagutuko doguz, euskalgintzan aitzindari eta bultzatzaile Martin Ugalde eta Rikardo Arregi gomutauko dituan ekitaldian.

Kazetaritza Sariaren modalidadeari jagokonez, estu lotuta egongo da barriemoleen lanbideagaz, kazetarien ezaugarri eta erespideakaz. 2020ko irailaren 16tik 2021eko irailaren 15era arteko tartean egunkari, aldizkari, agerkari digital, irrati edo telebistetan euskeraz plazaratu diran kazetaritza-lanek izango dabe saria eskuratzeko aukerea. Irabazleari 9.000 euro eta Xabier Lakak egindako irudi artistikoa emongo deutsez.

Komunikazino Saria, ostera, euskerazko komunikazinoa alor eta formatu barrietara eroan dabenei emongo deutse. Epaimahaiak kontuan hartuko dau ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunidadea elikatzeko izan dauen edo izan leiken inpaktua, eta teknologiaren erabilera barritua. Kasu honetan be, 9.000 euro eta Xabier Lakaren irudi artistikoa emongo deutsez irabazleari. 

Alexander Huitzi zinegotziaren esanetan, euskerea indartuko badogu, behar-beharrezkoa da herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diran kazetaritzan eta komunikazinoan euskerazko sorkuntzea, zabalkundea eta kontsumoa sendotzea. Helburu horren aldeko aletxua izatea dau helburu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak.

XXXIII. Rikardo Arregi Sarietako epaimahaian honeek egongo dira: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazinoan aditua), Elixabete Larrinaga (EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadeko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibersidadeko Komunikazino Graduko irakaslea) eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazinoan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Euskera zinegotzi Alexander Huitzi; eta idazkaria, Andoaingo Udaleko euskera teknikaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu