Dimako auzobizitzea jorratu dau Abel Ariznabarretak

Bizkaie! 2021-04-20 10:22   Kulturea

1800etik 1936ra bitarteko agiriak aztertu ditu liburua idazteko.

Euskal Museoan aurkeztu dabe liburu barria (argazkiak: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Auzobizitza Diman 1800-1936 aurkeztu dau Abel Ariznabarretak Bilboko Euskal Museoan, ehundazak orduko lan ekina batzen dauen liburua. Dimako Artaun auzoko Antzasti Euskaldunon Etxeak argitaratu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz.

Izenburuak dinoanez, 1800 eta 1936 urteen artean Dimako gizartean eta komunidadean izan ziran aldaketak aztertu ditu Ariznabarretak. Dima bizitzeko modu bat dala azaldu dau autoreak, Bizkaiko landa-eremuko udalerri huts bat baino gehiago dala. Horregaitik, herriaren bihotza dan auzobizitzea aztertu dau.

Etxean oinarritutako kontzeptua da auzoa, zentzu zabalean ulertuta, herritarren beharrak eta eskubideak identifiketako marko nagusia aurreko mendeetan, Ariznabarretaren arabera. Batetik, eleizate edo kofradiakaz loturea egiteko ezinbesteko tresnea zan auzoa; bestetik, komunidadean oinarritutako proiektuak eregiteko bidea be bazan.

Udal-ordenantzak, aktak eta halako agiriak aztertzen pasau ditu ehundazak ordu Ariznabarretak. Beti ez da erraza izan datuak topetea, batzuk desagertuta dagozalako. Esate baterako, Lehen Karlistaldian artxiboak erre ziran. 

XIX. mendearen hasieratik 1936ko Gerra Zibilera bitarteko epearen argazkia dakar liburuak, baina ia mende eta erdiko tarte hori ez zan egonkorra izan. Kontrara, belaunaldiz belaunaldi Dimako auzobizitzea aldatzen eta modernotzen joan zan, Bizkai osoagaz batera. 

Dimako auzo eta auzotarrakan eragin sakona izan eben mugarri batzuk ondo nabarmenduta datoz liburuan: gerrak, Foruen deuseztapena, nazionalismoa, autonomia... Arratiako tranbia be modernotasunerako saltoa izan zala azaldu dau Ariznabarretak. 

Txikitasuna handi bihurtzen dauen obrea da Ariznabarretarena, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduaren esanetan, ondarea bizirik dagoala erakusten dauen liburua. Sasoi bateko gizartea zelan egituratzen zan ezagutzeko ezinbestekoa, Dimakoentzat, Arratiakoentzat zein interesa daben guztientzat aproposa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu