'Bagara' lemapean, lesbianen ikusgaitasuna aldarrikatuko dabe Bilbon

Bizkaie! 2021-04-20 08:17   Pil-pilean

Apirilaren 26an mintegia egingo dabe, online.

Gizartearen alor batzuetan lesbianek gero eta modu naturalagoan agertu leikie euren identidadea, baina beste alor batzuetan, oraindino euren orientazinoa ezkutau beharrean izaten dira. Hori dala eta, Bilboko Udalak kanpainea jarri dau martxan, Bagara/Somos lemapean, lesbianen ikusgaitasuna aldarrikatzeko. Hain zuzen be, apirilaren 26a da Lesbianen Agirikotasunaren Eguna.

Gizartearen kontzientziazinoan eragitea da kanpainearen helburu nagusia, herritarrek lesbianen errealidadea hobeto ezagutu eta kolektibo horren beharrak onartu deiezen. Nekane Alonso zinegotziak azaldu dauenez, espazio publikoetan ezkutau egiten dira lesbianak, esate baterako, kalean, hedabideetan eta lanean. Lesbianek sufriduten dituen diskriminazinoak identifikau behar dirala dino Alonsok. 

Hortaz, gonbidapena egin deutse gizarteari, aztertu deian ze zeregin bete daben emakume lesbianek kulturan, hedabideetan eta espazio publikoan era batera edo bestera agertzeko orduan, ze absentzia eta presentzia izan daben.

Kanpainako mezua zabaltzeko euskarri ugari erabiliko ditu Udalak, fisikoak zein internetekoak: uri-altzarietan, sare sozialetan... Ikusi ahal izango da egunotan. 

Horrezaz gan, online mintegia antolatu dau Udalak apirilaren 26rako, 12:00etan, Ikusezinetik agerira izenburupean. Beatriz Gimenok emongo dau lehenengo berbaldia, lesbianek sistema patriarkalean bizi daben diskriminazino bikotxaren inguruan. Bigarren berbaldia Irantzu Varelarena izango da. Lesbianek komunikabideetan daben presentzia eskasa eta eredu aproposak emotearen beharra jorratuko ditu. 

Webinar erako mintegia Udalaren webgunean ikusi ahal izango da zuzenean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu