Eulalia Abaituaren erakusketeak 1.200 bisitari izan ditu dagoeneko

Bizkaie! 2021-04-19 12:23   Kulturea

Apirilaren 23ra arte ikusi leiteke, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan.

Sardinerak, Eulalia Abaituaren argazki baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal argazkilaritzearen aitzindarietako bat eta XX. mendearen hasierako bizimoduaren lekuko parebakoa izan zan Eulalia Abaitua. Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako Eulalia Abaituaren emakumeak erakusketan, Bizkaiko uri eta herrietan egindako 34 argazki ikusi leitekez, Euskal Museoaren Argazki Artxiboan gordeta egon diran erreprodukzinoei esker. Maite Jiménez Ochoa de Alda da komisarioa.

Erakusketea barikura, apirilaren 23ra arte egongo da Bilbon, Batzar Nagusiek Hurtado Amezaga kalean daben egoitzan. Beraz, interesa daben herritarrei azken deia egin deutse, orain dala mende bateko Bizkaiaren lekukotzea emoten daben argazkiak ikusten joan daitezan. Goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara dago aretoa zabalik.

Orain arte ikusgai egon dan sei asteetan, 1.200 lagunek bisitau dabe erakusketea. Bilbo industrialetik hasi eta landa inguruko Bizkaira arteko persona, lanbide, egoera eta lekuen unibersoa argazkietan batu eban Abaituak, orduko emakumeek sufriduten eben diskriminazinoari aurre eginez.

Erakusketan emakumeak agiri dira gehienbat, Abaituaren interes nagusietako bat izan zalako klase sozial eta ingurune guztietako emakumeen erretratuak egitea. Sardineras, Conchita de Elorrio, Gitanas Santutchu, Lechera... Halako izenburudun argazkiak topauko ditue bisitariek. 

Ordura arte ia ikusezina izan zan mundu baten erreparau eban Abaituak, baztertuta edo ahaztuta egozan emakume askoren erretratuak egin zitualako, orduko kode burgesakaz bat ez etozanak. Emakume apalen dotorezia topau eban, eta zuri-baltzezko argazkietan batu, benetako erreportari grafikoa balitz lez. 

Bilbon erakusketea ikusi ezin dauenak, beste aukera bat izango dau udan, Abellanedako Enkarterriko Museoan. Gnanera, argazki gehiago ipiniko ditue Abellanedakoan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu