2021eko Max sariak Arriaga Antzokian emongo ditue
2021-04-19 12:13 KultureaGalea 2021eko urriaren 4an izango da.
SGAE Fundazinoak eta Bilboko Udalak gaur iragarri dabe non egingo dan Arte Eszenikoen Max Sarien XXIV. aldia, Estaduko antzerki eta jantzako profesionalen talentuari ezagutzarik handiena agertzeko sariak emoteko ekitaldia: Bilboko Arriaga Antzokian izango da, 2021eko urriaren 4an.
SGAE Fundazinoak eta Bilboko Udalak gaur sinatu dabe alkarlanerako akordioa eta sariak emoteko galan izango diran barrikuntza guztiak aurkeztu ditue. Topaketa horretan, Amaia Arregi jarduneko alkateak poz handia agertu dau arte eszenikoen Estaduko saririk handienak emoteko galea Bilbon izango dalako; gainera, adierazo dauenez, Bilbo Max uri izatea aukera ederra izango da Euskadiko kultur sektorearentzat. Egoera sanitarioa gorabehera, ekitaldi honen alde egin dogu, lanbideari ezagutzea agertzeko aukera moduan erabiltearren. Ekintzakaz erakusteko benetakoa dala arte eszenikoen alde dogun interesa eta konpromisoa. Hori da Udalaren estrategia eta hori izango da geroan be: Bilbo arte eszenikoen, sorkuntzearen eta kultur sustapenaren erreferente moduan kokatzea. Arregik adierazo dauenez, 24. aldi hau Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak zuzenduko dau, Calixto Bieitok, erreferente handia nazinoartean, arte eszenikoen arloan.
Bestalde, Juan José Solanak, SGAE Fundazinoaren presidenteak gogorarazo dau sano garrantzitsua dala Max Sarien ospakizuna: Momentu gogorra bizi dau hau kultura sektoreak, baina guk ilusinoz jarraitzen dogu geure eginkizunean, arte eszenikoen bozgorailu izatearren, aldarrikatuz zelan beteten daben arte eszenikoek gu osatzeko eginkizun hori eta zenbat eta zenbat gauza eskaini deuskuezan kultur sortzaileek pandemia sasoian. Max sarien ekitaldiak balio dau arteen arlo honek egindako ahalegina autortzeko.
Rubén Gutiérrez Fundazinoaren zuzendari nagusiak Udalaren babesa nabarmendu dau: Barriro Bilbon ospatzea max sariak, guztiz da garrantzitsua. Arriaga Antzokiagaz egindako hitzarmen honek alkarren arteko konplizidadea erakusten dau, konfidantzea ezarrita batak bestearengan. Eskerrak agertu besterik ezin dogu egin, Bilboko Udalari, sektore eszenikoari erakutsitako maitasun eta arreteagatik, eta Calixto Bieitori, gogotik eta profesionaltasunez itsasteagatik egitekoei, indar handiz sartu baita beste behin be. Ziur gagoz Bilboko Udalak abegi onez eta poz handiz hartu dituala Max sariak.
Aurkezpen-ekitaldian izan dira Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia; Ignacio Malaina Arriaga Antzokiko zuzendari gerentea, Garbitxu SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidentea, Joanes Urkixo SGAEko zuzendaritza-batzordeko kidea eta Ignacio Casado SGAEren Euskadiko zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!