'Gerturatu Eta Lau', parte hartzeko bertso saioak

Bizkaie! 2021-04-19 10:36   Bertsolaritzea

Lau saio izango dira, maiatzaren 6an hasita.

Bertsolaritzea parte-hartzearen eta bertsolarien eta publikoaren arteko alkarreraginetik aztertuko dau Gerturatu Eta Lau zikloak. Lau saio izango dira, maiatzean, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Zarautzen. Bakotxean gai bat landuko dabe: bertsolarien erabagimena, entzuleen erabagimena, kantaerea eta gorputzen arteko hartu-emonak, hurranez hurran.

Parte-hartzea bultzatzeko, saio bakotxaren aurretik, entzuleei jarraibideak emongo deutsez. Gai-jartzaileak eta bertsolariak lagun, danen artean pentsauko dabe saioaren norabidea. Saioetara joatea doban da, baina izena emon behar da hemen

Antolatzaileek galdera ugari planteau ditue bertsolaritzearen talde-izakereaz. Zenbateraino aztertu dogu taldetasun hori? Zelakoa litzateke bertsolaritzearen egiturea bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Batzuetan jokerea izaten dogu bertsolaritzako elementuak era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantetan dana eta kantetan dauen gorputza. Testua eta kantaerea.

Muga zurrunak ezarri ordez, beraz, beste ikuspuntu batetik begiratuko deutse bertsolaritzeari, sorkuntzarako leku eta bide barriak topetako asmoz. 

Lehenengo saioa, maiatzaren 6an, Donostiako Larratxo Kultur Etxean egingo dabe, Gauzkaten eztarri lerratuak izenburupean. Etxahun Lekue, Haizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio egongo dira oholtzan. 

Maiatzaren 11n, Bilborocken, Gure esku legoke izeneko saioaren txandea izango da, Eneko Lazkoz, Jone Uria, Maider Arregi eta Oihane Iguaran kantari dirala. Gasteizen, hilaren 11n, Ane Labakak, Aner Peritzek eta Nerea Ibarzabalek kantauko dabe, Gorputzak esango luke izenburupean. 

Azken saioa Zarauzko Modelo Aretoan izango da, maiatzaren 25ean. Izenburua Gaur edozertarako libre ipini deutse. Amaia Iturriotz, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia egongo dira oholtzan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu