Aldauri, Zabalburu Ikastetxea eta Jazz Cultural Theatre, Bilboko Balioen ordezkari

Bizkaie! 2021-04-16 08:43   Pil-pilean

Hirugarren aldiz emon ditu Udalak sariok.

Irabazleak eta Udaleko ordezkariak (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Balioen Agirian batutako ezaugarri positiboen ordezkari diran erakunde, proiektu eta alkarteen lana autortzeko asmoz antolatzen ditu Udalak Bilbao Balioen Sariak. Aurten, hiru kategoriatan beste horrenbeste irabazle egon dira.

Irabazi asmo bako erakundeen atalean, Aldauri Fundazinoari emon deutse saria, edadekoei aisialdirako aukerak emoteko egiten dauen etenbako lanagaitik. Teknologia barriak erabilita, erabiltzaileek etxetik urten barik gozau leikie aisialdiko jarduerez, eta horrek konfinamenduko bakardadea arindu eutsen askori. 

Ikastetxeen kategorian, Zabalburu Ikastetxea izan da aurtengo irabazlea, La hora del té izeneko proiektuagaitik. Horren bidez, te poltsa baten osogaiak aztertu ditue, eta klima aldaketan dauen eragina neurtu. Ezagutza ugari lantzeaz gan, proiektuari esker, ikasleak euren ingurunean parte-hartzaile eta erantzule bihurtu dira. 

Azkenik, erakunde profesionalen kategorian, Jazz Cultural Theatre of Bilbao izan da irabazlea, plastikozko botilen kopurua txikitzeko kontzientziazinoa jazzaren erritmoaren bidez zabaltzeko martxan jarri dauen proiektuagaitik. Ingurumenaren aldeko jarrerak modu barritzailean zabaltzeko ahalegina txalotu dau epaimahaiak. 

Irabazle bakotxari 3.300 euro emongo deutsez. Hirurek iragarri dabe dagoeneko zertarako erabiliko dituen. Kasu guztietan, euren proiektuan sakontzeko edo lotutako beste egitasmo batzuk bultzatzeko erabiliko ditue, eta Zabalburu Ikastetxearen kasuan, inguruko merkatariei pandemiaren ondorioei aurre egiten laguntzeko.

Bilbao Balioen Sariak 2018an dau jatorria, orduan onartu ebalako udalbatzarrak Bilboko Balioen Agiria, gizarte arloko 17 balio edo praktika on batzen dituan testua. Horreek balioak zabaltzen eta praktikan jarten dabizan proiektuak nabarmentzen ditue urtero Balioen Sarien bidez, eta aurtengoa hirugarren edizinoa izan da. 

Edizino honetako barritasun nagusia Covid-19ari emondako arretea izan da. Agirian jasotako balioak zelan landu diran ez eze, epaimahaiak modu berezian balorau ditu pandemiari aurre egiteko ekintzaren bat dakarren proiektuak.

Horrezaz gan, Bilboko Udalak azaldu dauenez, lehenengo aldiz, sarietan parte hartzeko baldintzetako bat izan da Bilboko Balioen Agiriagaz bat egin izana. Proposamenen genero-ikuspegia eta hizkera ez-sexistea be kontuan hartu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu