Badator BilbaoArteren 'BAGI!', artista garaikideei laguntzeko
2021-04-15 10:06 KultureaFormazinoa, gogoetea, ekintzea eta kritikea bultzatuko ditu egitasmoak.
Bilboko Udalak eta BilbaoArtek dei egin deutse artistei eta kultur eragileei BAGI! egitasmoan parte hartu deien. Sorkuntza garaikideari laguntzeko programa horren bidez, ikastaroak, mintegiak eta jarduera praktikoak bultzatu nahi ditue, formazinoa, gogoetea, ekintzea eta kritikea ardatz.
BilbaoArteren ohiko egonaldi eta laguntzinoen osogarri da deialdi barri hau, eta igaz antolatutako Artistak Koronabirusaren Aurka programearen jarraipena. Udalaren Bilbao Aurrera 2021 Planaren barruan be badago.
Deialdira proposamenak aurkezteko epea apirilaren 25ean amaituko da, eta aukeratutakoen artean 50.000 euro banatuko ditue antolatzaileek, 4.000 eta 6.000 euro bitarteko hainbat diru-laguntzinotan. Bertoko artistek hartu leikie parte deialdian, banaka zein taldeka.
Laguntzinoa jasoko daben proiektuak aukeratzeko orduan, deialdiaren antolatzaileek hainbat erespide erabiliko ditue. Batetik, kulturearen edo artearen arloan daukan interesa eta kalidadea. Bestetik, gizarteagaz sortzen dituan hartu-emonak, dakarzan onurak eta errentagarritasuna be baldintzen artean dagoz. Euskerea erabilten dan be kontuan izango dabe.
Arte garaikideari lotutako proposamenak bultzatzea da asmoa, baina, horren barruan, formatu ugari sartu ditue: arte plastikoak, ikus-entzunezko produkzinoak, performanceak eta artezko testu plastikoak iragarteko gai dan beste edozein lengoaia.
Mintegi, tailer edo bestelako jarduerak izan, antolatzaileek azaldu dabe BilbaoArteren instalazinoetan egitekoak izango dirala BAGI! deialdira aurkeztutako proposamenak. Bilboko Urazurrutia kalean dago erakunde horren egoitzea.
Oinarriak eta hautagaitzea aurkezteko bidea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!