Ron English grafitilariaren erakusketea Gernikan

Bizkaie! 2021-04-15 08:43   Kulturea

Bonbardaketearen 84. urteurrena gogoratzeko ekitaldi ugari antolatu ditue egunotan Gernika-Lumon.

Erakusketea ikusgai dago Kultur Etxean (argazkia: Gernika-Lumoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Apirilaren 26an beteko dira 84 urte Gernikako Bonbardaketatik, eta, urtero lez, ekitaldi ugari antolatu ditue urian, memoria eta biktimak ardatz. Kultur Etxeak, Bakearen Museoaren laguntzinoagaz, nazinoarteko artista baten obrak ekarri ditu Gernikara, eta Guernica berrirudikatzen izeneko erakusketan ikusi leitekez, maiatzaren 21era arte.

Hain zuzen be, Ron English grafitilari amerikarra da nazinoarteko artista hori, Street Art edo kaleko artearen arloan erreferente nagusietako bat. Pablo Picassoren Guernica koadroa da bere obsesinoetako bat, modu ugaritan berrinterpretau dau koadro ospetsua. 25 pieza inguruko lagina ekarri dabe Gernikako erakusketara. 

Bilduma honek salaketea eta gaur egungo munduari egindako kritikea be badakarz, Kultur Etxeak azaldu dauenez. Gerren eta kapitalismoaren inguruan gogoetea egiten dau Englishek bere grafitietan.

Illinois estaduko Decatur urian jaioa, Ron Englishek hamarkadak daroaz munduko hormetan bere artea zabaltzen, beti polemikaz inguraturik, kaleko beste artista gehienei jazoten jaken legez. Azkenaldion estudioko lanetan sarriago dabilen arren, kalea da bere ingurune naturala.

1989an Berlingo harresian baimen bako marrazkia egin ebanean hasi zan ezagun egiten. Gizakiak alkarregandik bereizteko egindako hormak dira bere jomuga gogokoenetako bat, 2007an Palestinako harresian be egon zan grafitiak egiten. Gaur egun, polemikak polemika, Street Art-eko eta pop arteko ordezkari nagusienetako bat da. 

Bonbardaketako ekitaldiak

Ron Englishen erakusketeaz gan, Gernikako Bonbardaketearen 84. urteurrena gogoratzeko jarduera ugari antolatu ditue egunotan erakunde publikoek zein gizarteko eragileek. Astelehenean, apirilak 26, urteroko ekitaldietan hartuko dabe parte herritarrek eta ordezkari politikoek, sirena-hotsa entzun ostean. Kalerik kale ibiliko dira kandelakaz eta Gernikako zein beste gerra batzuetako biktimak omenduko ditue.

Gernikaren Memoriaren Lekuko izeneko alkarteak, ganera, apiril osorako egitarau oparoa antolatu dau. Hainbat aditugaz barriketaldi birtualak egingo ditue: gaur, hilak 15, Ingo Niebelegaz; 19an, Xabier Irujogaz. Berbaldi presentzialak Jose Mari Esparzaren (21ean) eta German Ereñaren (23an) eskutik etorriko dira.

Zinemea be egongo da Gernikaren Memoriaren Lekuko alarteak antolatutako egitarauan. Josu Martinezen Caminho Longe eta Agustin Villalongaren Incierta gloria ikusi ahal izango dira. Apirilaren 24an eta 25ean, urteurrenaren bezperako asteburuan, preso errepublikarren memoria aldarrikatuko dabe, Kurdistango herriari alkartasuna adierazoko deutse eta armagintzea salatuko dabe. 

Era berean, Jon Rementeria Larruzea musikariak (Sarkor taldeko kide izan zan) Gernika Bizirik kantua aurkeztuko dau, hainbat sortzaileren laguntzinoari esker. Azken ikutuak egiten dabil, urteurrenerako prest izateko asmoz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu