Euskadi Turismo Bonuak abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira

Bizkaie! 2021-04-14 13:47   Pil-pilean

Erkidegoko ekonomian 14 miloe euroko eragina izango dau kanpaineak.

Dendak eta tabernak Bilboko Posta kalean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun egoereagaitik, Turismo Bonuak ezin izan ziran aurreikusitako momentuan kaleratu, baina dagoeneko eskuragarri dagoz. Abenduaren 31ra arte erosi eta erabili ahal izango ditue herritarrek 431.000 bonuok, Euskadi Bono Denda kanpainakoakaz batera. 

Erakundeen arteko alkarlanari esker dator Euskadi Turismo Bonuen kanpainea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako turismoa, ostalaritzea eta merkataritzea suspertzeko asmoz, sektore horreek diralako pandemiak gehien kaltetuetako hiru. Eusko Jaurlaritzea, foru aldundiak eta Eudel dira bultzatzaileak, Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalakaz batera. 

Erkidegoan konsumoa indartzeko estrategiaren barruan dago turismo alorreko bonuen kanpainea, ze 14 miloe euro inguru mobidutea espero dabe erakunde publikoek. 

Bonuak 18 urtetik gorakoek erosi leikiez, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira zein kanpotik bisitan etorri badira. Turismoari jagokon bonuak 20 euroko deskontua emongo deutso alojamendu turistikoetan gitxienez 60 euroko gastua egiten dauenari. Establezimendu bakotxeko bina bonu erabili ahal izango ditue herritarrek gehienez.

Merkataritzea eta ostalaritzea bultzatzeko bonuen kasuan, modalidade bi egongo dira, 20 eta 40 euroko gitxieneko erosketetarako (5 eta 10 euroko deskontuak, hurranez hurran).

Euskadi Turismo Bonua erkidegoko enpresa txiki eta ertainetara zuzenduta dago, turismoagaz eta ostalaritzeagaz lotuta badagoz. Besteak beste, era honetako negozioetan erabili leitekez: ostatuak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekari eta antolatzaileak; jatetxeetako eta ostalaritzako establezimenduak; abentura eta naturako kirolak; turismo-garraioa; gastronomia; eta olgeta-zentroak.

Argibide gehiagorako, bonuak erosteko eta kanpainaren parte diran establezimendu eta enpresen zerrendea ikusteko, ikusi hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu