Jose Mari Uriarte gomutatzeko ekitaldia atondu dau Gerediaga Alkarteak
2021-04-14 11:58 KultureaApirilaren 17an urtebete izango da Jose Mari Uriarte Gerediagako kidea hil zala.
Pandemia tarteko izanda merezidutako agurra emotea ezinezkoa izan zan igaz eta aurten, murrizketakaz izan arren, Jose Marik alkarteari egindako ekarpena azpimarratzeko eta bera gogoratzeko ekitaldia izango da. Osasun larrialdiko segurtasun neurriak bete ahal izateko, ekitaldiak aforo mugatua izango dau eta derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena emotea: gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikoan edota 946818066 telefono zenbakian.
Apirilaren 16an, barikuan, 19:00etan, Durangoko San Agustin Kultur Gunean izango da Jose Mari gogoratzeko ekitaldia.
Astolan Arripozueta
Apirilaren 17tik aurrera Durangoko Arripozuetako presa ondoan Jose Mari Uriartek azken Astola aldizkarian argitaratutako ikerketa-erreportajearen erreplikea ipiniko da. Nurri handiko lonatan, Arripozuetari buruz hil aurretik berak idatzitako lana inprimidu dabe.
Jose Mari Uriarte
Ogibidez maisua (Zaldibar, Berriz, Iurreta eta Durangon), erretratugilea, historiazalea eta idazlea izan zan. Mendia, trenak, erretratugintzea eta Durangaldeko eta Durangoko historia ziran bere denpora libreko ordu gehienetarako gaiak.
Gerediaga Alkartean 80ko hamarkadan hasi zan. Karguetatik eta urrun beti, upealako ekarpena egin eutson alkarteari. Jon Irazabalegaz batera, Durangaldeari buruzko dokumentazinoa batzenn, alkarteko erretratu artxiboaren antolaketan, sasoi bateko Durangoko Azokako kartelen aukeraketan (1984. urtekoa berea izan zan), edota azken 13 urteetan Astola aldizkariko lantaldean.
Ikerketa asko egin ditu: trenak, erretratugintzea eta Durangoko historia izan dira bere ikerketa gai nagusiak. Horreetako asko argitaratu be egin ditu, Gerediaga Alkartearen edota Durangoko Museoaren babesari esker.
Hiru lan nabarmentzen dira egindako guztietatik: Pablo Pedro Astarloari buruz argitaratutako biografia eta erretratugintzeri buruzko Minuteros: kale-argazkilariak eta Argazkigintzea Durangon XIX.mendean.
Herrigintzatik Durangoko hainbat ekimenetan parte hartu dau: 1979-1981 urteen artean Ibaizabal aldizkariko erredaktore eta arduradun, Alpino Mendi Taldeak argitaratzen dauen Katazka aldizkarian be hainbat artikulu idatzitakoa da eta Madalena auzoko jaietan erretratu zaharren erakusketearen antolatzailea be bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!