Logroñok bat egin dau Bilbo eta Santanderregaz 'Bertatik bertara'-n

Bizkaie! 2021-04-14 09:22   Kulturea

Kultura arloko lankidetzan sakonduko dabe hiru uriek.

'Bertatik bertara' programearen bidez antolatutako kontzertu bat (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

2012tik dabiz kulturgintzan lankidetzan Bilbo eta Santander uriak, Bertatik bertara programearen bidez. Harrezkero, lekuan lekuko artista eta eragileek aurkeztutako hainbat proposamen gauzatu ditue, uri bien arteko hartu-emonak kulturearen bidez sendotzeaz gan. Orain, lau urteko hitzarmena sinatuta, Logroñok be bat egin dau programeagaz. 

Hortaz, hiru uriotako udalek ahaleginak eta estrategiak batuko ditue kulturearen sektoreagaz daben konpromisoa sendotzeko, Bilboko Udalak azaldu dauenez. 

Kulturea aberastasun iturri da, ekonomian zein gizartean, azpimarratu dabe Bertatik bertara-ko bultzatzaileek. Gaur egungo egoeran, inoiz baino beharrezkoagoak dira erakundeen arteko lankidetzako politikak, kostuetan aurreztu ahal izateko eta kultur eskaintzeari eusteko, berau hobetu eta finkatzeko.

Hiru udalek adostu dabe lantalde egonkor bat sortzea kultur politikei buruzko informazinoa eta ezagutzea konpartiduteko eta alkarri aholkuak emoteko. Bilboko, Santanderko eta Logroñoko kultur erakundeetako arduradunak egongo dira lantaldean. Alkarregaz parte hartuko dabe lekuan lekuko zein nazinoarteko proiektuetan, eta kanalak sortuko ditue, uri bakotxeko sortzaileak hartu-emonetan jarteko beste urietako zirkuitu eta programatzaileakaz.

Bilbok eta Santanderrek 2012an Bertatik bertara programea martxan jarri ebenetik, ehun ekitaldi baino gehiago antolatu ditue, besteak beste, profesionalen arteko topaketak, kontzertuak, antzerki zikloak, tailerrak eta erakusketak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu