Virginia Diazek eta Aina Cidek brontzea irabazi dabe Varesen

Bizkaie! 2021-04-12 07:50   Kirola

Virginia Diaz Aina Cidegaz batera dabil arraunean, lemazainik bako biko ontzian.

Aina Cid eta Virginia Diaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Virginia Diaz, Basque Teameko arraunlariak podiumak pilatzen jarraitzen dau nazioartean. 2019an W2-ko Europako txapeldun izan zan Aina Cid ontzikideagaz batera, 2020an zidarra eskuratu eben eta 2021ean hirugarren aldiz jarraian ikusi doguz podiumean.

Linz-Ottensheimeneko 2019ko Munduko Txapelketan, Tokioko Jokoetarako txartela lortuta, oraingoan Diaz-Cid bikoteari apur bat gehiago kostau jako dominea eskuratzea. Lehen seriean laugarrenak izan ziran eta, beraz, bigarren aukeran lehiatu behar izan eben eta hor Kroazia, Holanda, Txekiar Errepublika eta Danimarka gainditu zituen.

Finalean hirugarren postuan amaitu eben, 7:03.75eko denporeagaz eta Glover eta Swann britainiarrek (7:02.73) eta Ailincai eta Buhus errumaniarrek (7:03.02) baino ez ditue gainditu.

Aitzpea Gonzalezek, bestalde, Victoria Cid, Nuria Puig eta Iria Jaramagaz batera, seigarren amaitu eban sailkapen txandan eta bosgarren, barriz, bigarren aukerako estropadan. B finalean bosgarren amaitu dabe.

Virginia Diaz (Astillero, 1991-08-15)

Virginia Diaz kasualidadez hasi zan kirol honetan, Astilleroko entrenatzaile bat eskoletara joaten zalako probak egiten. Virginiak probea egin eta arraunlaritzan sartu zan aurretik egindako ugerketea, saskibaloia eta beste kirol batzuk baztertuta.

Virginiak talentua eta diziplinea bateratzen ditu lan egiterako orduan. Getxoko Raspas Arraun Taldean ibilten dan arraunlari honek banku mobikoerrean maila gorenera heltzerko urte asko daroaz prestaketa-lanetan. Haren gaitasunei esker estaduko selekzinoak deitu egin dau 15 urte zituanetik eta beste esparru batzuetan, eroso sentiduten dan eremutik kanpo, nazinoarteko mailan erantzun handia lortzea zer dan badaki, AEBetan unibersidadeetako txapelduna izan baitzan.

2015. urtearen hasieran, bost hilebete egin zituan Miamin ikasketetan lortutako beka bati esker eta han Floridako unibersidadeagaz estau mailako titulua irabazi eban 8+ modalidadean. Barry Universityn egindako egonaldian Philadelphiako eta Sacramentoko beste proba batzuetan bee parte hartu eban.

Tokioko Jokoei begira modalidadea aldatu eta orain Aina Cidegaz batera dabil arraunean, lemazainik bako biko ontzian. Gogor lan egin behar izan dabe egoera barrira moldatzeko baina 2019ko maiatzean Lucernako Europako txapelketan argi geratu zan lortu dabela, urrezko dominea irabazi ebelako, estropada amaiera ikusgarria eginda gainera.

Ottensheim-Linzen jokatu zan 2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuak bere lehen Jokoetan, Tokiokoetan, lehiatzeko txartela emon eutson.

Virginia erizaina da eta orain Euskal Herriko Unibersidadean egiten dituan medikuntzako ikasketak goi mailako kirol praktikeagaz buztartzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu