Euskal Herriko 'sketchcrawl' mobimentuak hamar urte

Bizkaie! 2021-04-09 10:08   Kulturea

Topaketa digitala egingo dabe apirilaren 17an. 

Koadernoan begien aurrean dabena marraztearen zaleak batzen dira sketchcrawl mobimentuan. Hiru hilerik behin, Kaliforniatik mundu osora zabaltzen dabe marraztera urteteko deia, eta, orain dala hamar urtetik, Euskal Herrian be erantzuna izaten dau deialdi horrek. 2011n batu ziran lehenengoz euskal sketchcrawl zaleak, Donostian, eta handik denpora batera sortu zan Euskalherria's Sketchcrawl taldea. 

Lehenengoz batu ziraneko hamargarren urteurrena ospatzeko, taldeak topaketea antolatu dau apirilaren 17an. Osasun egoereak behartuta, online izango da hitzordua, #Xurtescratchcrawlean traola erabilita. Nahi dauenak hartu leike parte topaketan, bere marrazkiak etiketa horren bidez zabalduta. 

Topaketa fisikoa ezin egiteak ez deutse marrazteko zaletasuna kendu Euskalherria's Sketchcrawl taldekoei. Ez deutsagu itxiko marrazteari, alkarregaz ikasteari eta alkartzen gaituen jarduerea egiteari, adierazo dabe ohar baten. 

Ana García de Pablo eta Edurne Uriarte, biak iruindarrak, izan ziran euskal zaleak lehenengoz batzeko ekimena hartu ebenak. Zaragozako ikastaro baten alkarregaz ikasi eben hainbat lagun batu ziran lehenengo deialdi haretan, Donostian, 2011ko apirilaren 9an. Donostia, Iruñea, Bergara, Zaldibar eta abarretatik joan zan jentea, baita Euskal Herri kanpotik be. 

Aitzindaria izan zan Euskalherria's Sketchcrawl, eta gaur egun talde bizia eta indartsua da, sasoi barrietara egokitua. Antolakuntzeari jagokonez, horizontala, hierarkia bakoa eta edegia da. Malgutasun horri esker, beste arlo batzuetako artistak be batzen jakez lantzean behin, profesionalak zein zaleak.

Donostian lehenengoa egin ebenetik, makina bat topaketa antolatu ditue taldekoek, Euskal Herriko lurralde guztietan, Zuberoan izan ezik. Uriburuetan eta Bergara, Balmaseda, Donibane Lohizune, Aramaio, Eibar, Hendaia, Karrantza, Barakaldo, Ea, Zarautzen... ikusi ahal izan doguz sketchcrawl zaleak, koadernoa eskuetan ingurukoa marrazten. 

Argazki eta marrazkiak: Euskalherria's Sketchcrawl eta Gorka Belasko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu